Probaldi itxiarekin hasi dira, baina uztailaren 18tik 21era bitartean beta irekia proposatuko du PlayStation Studios-ekoen jokoak.
Firewalk Studios taldea Concord kaleratzeko berotzen hasia da jadanik. Beta fase ofiziala gaur bertan abiatu dute: lehen probaldi saio itxiak uztailaren 14ra arte iraungo du PlayStation 5 nahiz PC plataformetan jokoa erreserbatu dutenentzat zein PlayStation Plus zerbitzuko harpidedunentzat.
Erabiltzaile hauek, gainera, betarako lau kode jasoko dituzte. Beste hiru lagunekin partekatzeko aukera edukiko dute partidak taldean jokatzen hasteko.
Datorren astean, berrriz, beta fase irekia hasiko da: uztailaren 18tik 21era bitartean egingo dute. Kasu honetan, PlayStationeko jokalariek ez dute PS Plus harpidetzarik beharko; behin jokoa kaleratuta, baina, ezinbestekoa izango da harpideduna izatea.
Concord iazko PlayStation Showcase aurkezpenean iragarri zuten; lehen jokagarritasun bideoak, berriz, maiatzeko State of Play zuzenekoan ikusi genituen. Jokalarien arteko 5vs5 partidak proposatzen ditu Firewalken eta PlayStation Studiosen tituluak: heroi desberdinak kontrolatuko ditugu berezko abileziekin. Hamasei protagonista ikusiko ditugu guztira, eta probaldian guztiekin joka dezakegula baieztatu dute arduradunek.
Beta fase itxiak hiru modalitate proposatuko dizkigu, Clash Point, Trophy Hunt eta Cargo Run; probaldi irekian Area Control gehituko dute. Lau mapa desberdin bisitatuko ditugu egunotan: Freewater, Star Chamber, Water Hazard zein Shock Risk. Beta irekian, bukatzeko, Bone Mines desblokeatuko da.
Concorden behin betiko bertsioa abuztuaren 23an estreinatuko da PS5ean eta PCan.
Iruzkinak