Firewalk Studios-en bideojokoa abuztuaren 23an estreinatu zen PS5 eta PC gailuetan. Erosleei dirua itzuliko diete.
Concord PlayStation Studios taldearen azken jokoa bertan behera utzi du Sony-k. Firewalk Studiosek garatutako titulua saltokietatik kendu dute; gainera, irailaren 6tik aurrera zerbitzariak guztiz itxiko dituztela iragarri dute PS Blog-ean argitaratutako mezuan.
“Zuon feedbacka entzuten aritu gara Concord PlayStation 5ean eta PCan estreinatu zenetik”, dio Ryan Ellis jokoaren zuzendariak mezuan. “Esperientziaren zenbait baliok jokalariekin bat egin duten arren, bideojokoaren beste hainbat ezaugarrik eta hasierako estreinaldiak ez direla guk nahi bezala abiatu aitortzen dugu. Hori dela-eta, jokoa irailaren 6tik aurrera desaktibatzea erabaki dugu aukera desberdinak aztertzeko, gure jokalarientzat onenak direnak barne”.
Heroi tiro jokoa iazko ekainean iragarri, eta, orain bi aste, abuztuaren 23an, merkaturatu zuten: bi asteko epean desagerrarazteak marka berria eratzen du zerbitzu jokoen munduan. Diru itzultzeak agindu dituzte: erosle guztiei, PS5ekoak zein PCkoak izan, ordaindutakoa itzuliko zaie jokorako sarbidea kendu aurretik.
PlayStation Store, Steam eta Epic Games Store saltokietan zuzenean erosi dutenek automatikoki jasoko dute dirua. PlayStation 5eko joko fisikoa erosi dutenek, berriz, erositako saltokira jo beharko dute diru itzulketarako. Hirugarrenen denda digitalen inguruan dago zalantza orain; horietatik erosi dutenek zuzenean saltokiarekin harremanetan jarri beharko dira.
Zortzi urteko lana
PlayStationekoek ez dute jokalarien zifra zehatzik eskaini, noski, baina garaikurrak eta lorpenak aztertuta zerbait suposa dezakegu: 1.200 erabiltzaile inguruk eskuratu dute beste jokalari bat hiltzearen lorpena. Steam plataforman, bestalde, aldibereko jokalarien kopuruak ez ditu 700 erabiltzaileak gainditu.
Firewalk Studios 2023ko apirilean bereganatu zuen ofizialki PlayStation Studios taldeak, nahiz eta aldez aurretik elkarrekin lan egiten ibili ziren. 100 eta 200 milioi dolar arteko aurrekontuarekin, zortzi urte eman dituzte titulua garatzen. Overwatch bezalako heroi tiro jokoak milioika jokalari erakartzen hasi zirenean, alegia.
Hori horrela, porrotak hainbat zergati izan ditzake atzean: merkatua dagoeneko Valorant, Apex Legends, Overwatch 2 edo Team Fortress 2 bezalako erraldoiek kontrolatzen duten bitartean, hauek guztiak doan joka daitezkeela nabarmendu beharra dago. Concord, bestalde, 40 eurotan kaleratu zen.
Amazon Prime Video zerbitzuko Secret Level telesailaren parte ere izango da Concord. Bideojoko desberdinei lotutako animazio atalek osatuko dute: horietako baten protagonista izan behar dira bertan behera utzitako jokoko heroiak, Mega Man, Sifu edo God of War tituluetako protagonistekin batera.
Orain, zer?
Berandu eta garesti, beraz. Sonyk ia hamarkada oso batez egindako lana guztiz alboratuko duten ezagutzea geratzen da orain. Zuzendariaren mezuan Concordekin lanean jarraituko dutela uler daiteke; hortaz, doako eredura igarotzeko asmoa edukiko ote dute?
Concord ez da PlayStationek esku artean daukan zerbitzu motako joko bakarra, gainera. Bideojokoen eredu horri gogor heltzeko asmoa erakutsi dute azken hilabeteetan: Marathon eta Fairgame$ garatzen dabiltza une honetan, baita iragarri gabeko beste bi proiektu, gutxienez. Aldez aurretik, sei zerbitzu joko bertan behera utzi zituzten: The Last of Us Online, horien artean.
Hasiera batean horren arrakastatsua izan zen Helldivers 2k beherakada esanguratsua jasan du jokalari kopuruan: aldibereko 450.000 jokalarien marka gainditu zuen otsailean Steam plataforman, baina abuztuan 62.000 erabiltzaile batzea lortu zuen. Azken egunotan 20.000 jokalarietara iristea lortu du.
Zerbitzu jokoen munduan ospea eta arrakasta lortzea ez da horren erraza, argi geratu denez. Sonyk bere negozio ereduaren inguruan hausnartuko al duen ikusi beharko dugu orain. 2024ko zerga urtean ez dute frankizia handien bideojoko berririk kaleratzeko asmorik; beraz, PlayStationen jokalari bakarrarentzako ikurrik handienen atalik gabe geratuko gara 2025eko apirilera arte, gutxienez.
Iruzkinak