Bandai Namco eta Arc System Works garatzaileek borroka bideo-joko arrakastatsurako eduki gehigarriak prestatzen jarraitzen dute.
Son Goku eta adiskideen unibertsoan oinarritutako Dragon Ball FighterZ da, zalantzarik gabe, azken urteetan frankiziak jasotako jokorik arrakastatsuenetako bat. 2018 hasieran kaleratu zen borroka jokoa, eta oraindik are eduki gehiago edukiko dituela iragarri berri dute garatzaileek. Hurrengoa, 21. androidearen itxura berria izango da.
Akira Toriyama mangakak sortutako obraren jarraitzaile askorentzat ezezaguna izango da 21; izan ere, lehen aldiz FighterZrekin batera ezagutzera eman zen: Arc System Works garatzaileak jokorako bereziki sortutako pertsonaia da. Kanpaina joko motaren protagonistetako bat, jokatzeko pertsonaia ere izan da hasiera batetik: desblokeatu beharra zegoen, baina bere Majin forman borrokatzeko hauta zitekeen 21.
Borrokalari guztiz berritua izango da, baina, prestatzen dabiltzana. Zientzialari jantziekin —Lab Coat izendatu dute forma berria—, FighterZren arduradunek Jump Festa 21 ekimenean aurkeztu dute: ez dute xehetasun askorik eskaini, borrokak hasterakoan izango duen aurkezpena alboratuta.
Otsailaren 18tik 19ra egingo den Dragon Ball Battle Hour ekitaldian informazio gehiago emango dutela aurreratu dute. Horrez gain, DLC-a “laster” kaleratuko dutela diote.
FighterZ-k jasotako azken eduki gehigarria Gogeta Super Saiya 4 izan zen: pasa den martxoan iritsi zen borroka jokora, eta Arc System Worksen lanerako prestatuko zuten azken DLCa izango zela uste zen. Ikusteko dago 21 androidea bakarrik helduko den, edo laugarren denboraldia prestatzeko asmoa duten.
2018an Game Erauntsian argitaratutako analisian FighterZ bideo-joko benetan berezia zela azpimarratzen genuen: borroka jokoetako adituentzat zein hasiberrientzat aproposa den lana, Dragoi Bolaren unibertsoko zalea izanez gero behintzat:
FighterZ Dragoi Bolaren zale askok itxaroten zuten bideojokoa da. Borroka azkar, zirragarri eta zirraragarriak biziko ditugu jokoan, aparteko atal grafikoarekin batera. Edozeinek gozatuko du borroka joko honekin, generoko hasiberri edota adituentzako aproposa izanik; halere, batez ere Akira Toriyamak sorturiko manganimearen jarraitzaileek primeran pasatuko dute FighterZ-rekin.
Dragon Ball FighterZ PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan eskuragarri dago.
Iruzkinak