Oreka aldaketak dakartzan eguneraketa kaleratu du Bandai Namco-k, borrokalari guztientzako aldaketak inplementatuta.

Dragoi Bolaren borroka bideojokorik onenetakoak ez du hil nahi. Dragon Ball FighterZ arrakastatsuak eduki berriak iragarri ditu. Pozgarriena, datorren urtean iritsiko da: Dragoi Bola Daima telesaileko Son Goku Super Saiya 4 borrokalaria.

Iragarpena Frantziako EVO txapelketaren baitan ikusi dugu: 2026rako antolatu duten Masters Showdown txapelketarekin batera aurkeztu dute borrokalari berria.

Udaberri aldera iritsiko da, bideo berrian ikusi dugunagatik, birdiseinatutako laugarren mailako goi gerlaria; izan ere, Dragoi Bola GTko SSJ4 zaharra pixkat aldatu dute aurten ikusitako anime berrian. Ez dugu Son Goku berria mugimenduan ikusi, baina berria benetan esanguratsua da: FighterZk jasotako azken pertsonaia 2021 bukaeran ikusi genuen 21 androidea —zientzialari forman— da.

Ez da Gokuren itxura hau jokoan ikusten dugun lehen aldia. Nahiz eta DB GTko Son Gokuk ume tankera izan, bere azken mugimenduarekin SSJ4 transformatzen da zinematika laburrerako.

2018. urtean estreinatutako borroka titulu ospetsua biziberritu nahian dabil Bandai Namco, beraz. Aldaketa eta gorabehera esanguratsuak jasan ditu FighterZk ordu hartatik: Bamco-ren eta ArcSystemWorks estudioaren arteko elkarlana, denborarekin ArcSys-ek garapena alboratu, eta Bandai Namco izan da gaurkotzeez arduratu dena.

Modu horretara, joko askoz eroagoan eta bizkorragoan bilakatu da. Poztekoa jokalari batzuentzat, baina gorrotagarria besteentzat. Sentipen hori are gehiago areagotu da atzo bertan argitaratutako 1.40 doako eguneratze berriarekin: borrokalari guztientzako oreka aldaketak inplementatu dituzte ustekabean.

Z-Reflect mugimendua —kontraerasoa edo parry-a— aldatu dute, hasteko: azken unean erabilita borroka izoztuko da, eta desagertze mugimendua erabiltzeko aukera edukiko du hori egitea lortu duenak. Espiritu indarra kargatzerakoan bizkorrago ezezta dezakegu mugimendua, Dragon Rush erasoak Ki erasoak desbidera ditzake espiritu indarra kargatu ondoren, Z laguntzen hozte denbora murriztu da… aldaketak ugariak dira.

Zerrenda osoa, borrokalari bakoitzak jasota berritasunak barne, Bandai Namcoren webgune ofizialean irakur dezakegu. Noski, gaurkotzeak itxaropenak berpiztu ditu jokalari porrokatuenengan. Oraindik oinarrizko hainbat funtzionalitate gehitzeko aukera dagoela aldarrikatzen dute askok —plataforma arteko jokoa edo GNU/Linux euskarri ofiziala, esaterako—, beraz are adabaki gehiago jasotzeko aukera ireki dute Bamcokoek.

Gauzak asko aldatu dira ordu hartatik, baina hauxe esan genuen jokoari 2018an Game Erauntsian eskaini genion analisian:

FighterZ Dragoi Bolaren zale askok itxaroten zuten bideojokoa da. Borroka azkar, zirragarri eta zirraragarriak biziko ditugu jokoan, aparteko atal grafikoarekin batera.

Dragon Ball FighterZren 1.40 eguneratzea PCan zein PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan estreinatu da dagoeneko. 2026ko udaberrian iritsiko da Son Goku SSJ4 borrokalaria.

 

Dragoi Bola Super telesaila, euskaraz

Dragoi Bolaren jarraitzaile euskaldunek pozteko berri gehiago izango dituzte datozen egunotan. DBZ animearen 2015eko jarraipen Dragoi Bola Super urriaren 22an euskaraz estreinatuko da lehen aldiz Primeran plataforman.

131 ataletan horren ospetsuak egin diren pertsonaia eta forma berriak ezagutzera eman zituen animeak: besteak beste, Son Goku Ultra Instinct, Jiren, Hit edo Goku Black utzi zizkigun. Aipatutakoak, hain zuzen, FighterZ bideojokoan kontrola ditzakegu.