Formatu hibridoan egingo dutela diote: azoka Los Angelesen fisikoki egingo den arren, sarean ekitaldi desberdinak antolatu nahi dituzte.
Stanley Pierre-Louis Entertainment Software Association-eko (ESA) zuzendariak jakitera eman duenez, E3 azoka ez dago hilda: datorren urtean berriz antolatzeko asmoa agertu dute bideojokoen industriako ekimenik handienaren arduradunek.
Washington Post egunkarian egindako adierazpenetan “2023an itzultzeko ideiarekin gogoberotuta” dabiltzala adierazi du Pierre-Louisek. Are gehiago, “ekimen digitala zein fisikoa” izango dela aurreratu du: “Ekimen digitalak asko gustatu arren, nahiz eta nazioarteko irismen hori lortu gura dugun jendearengana helduta, pertsonak biltzeko, aurrez-aurre konektatzeko eta bideojokoak handi egiten duenari buruz hitz egiteko desira indartsua dagoela ikusten dugu”.
Martxo bukaeran jakin genuen 2022ko E3 bertan behera geratu dela. ESAkoek erabakiaren zergatiak argitu ez zituzten arren, azken urteak gogorrak izan dira azokarentzat: pandemiak eragindako oztopoez gain, aurretik hainbat enpresa eta garatzaile handik uko egin zioten Los Angeleseko ekimenean parte hartzeari.
Aurten azoka egingo ez den arren, industriako eragile nagusiek dagoeneko baieztatu dituzte aurkezpen digital propioak. Orain egun batzuk PlayStation-en State of Play ekitaldia ikusteko aukera eduki genuen, baina datozen egunotan Xbox eta Bethesda, Capcom zein Devolver Digital bezalako enpresen aurkezpenak ikusiko ditugu. Hauen jarraipena egiteko zerrenda prestatu dugu Game Erauntsian.
Iruzkinak