Hamar asteko iraupena edukiko du 7D saioak: finala uztailean egitea aurreikusten dute, “pandemiaren egoerara egokitutako neurriak hartuta”.

Egunean minutu gutxi batzuetan euskaraz jokatu ahal izateko aitzakiarekin sortu zuen CodeSyntax enpresak fenomeno hutsean bilakatu den Egunean Behin orain bi urte. Ordutik hona galderaz betetako sei denboraldi bizi izan ditu Androiderako eta iOSerako jokoak; maiatzean zazpigarren denboraldian murgilduko da orain arteko mekanika berberak mantenduta.

Datorren astean hasiko da zehazki 7D izena jarri dioten aroa: astelehenetik aurrera abiaraziko duten denboraldian 60.000 jokalari inguru galderak erantzuten aritzea aurreikusten dute arduradunek. Ohi bezala berritasun txikiak gaineratuko dizkiote aplikazioari, galdera eta froga berrien formarekin.

Pista modura “euskal udalerrien herri mugakideak” errepasatzeko aurreratu dute, baina “jakintza, trebezia, matematika” eta bestelako gaiak agertuko dira eguneko jokoetan proposatutakoen artean.

Hamar astez uztailera arte luzatuko den denboraldia EITBren babesletzarekin antolatu dute; lehen eta azken asteetan Euskal Irrati Telebistak eskainiko ditu sariak. Horiek zehaztu dituzte jada:

  • 32 hazbeteko LED telebista.
  • Xiaomi Redmi 8 Note Android telefono euskaratua.
  • Raspberry Pi 400 ordenagailua.
  • Sari osagarri gisa, denboraldi amaieran, bi Chromecast.

EITBrekin batera Donostiako Udaleko turismo atala, Arnasa Gara ekimena, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Txalaparta argitaletxea, Ekolurra, Finantzaz Haratago euskal sarea, eta Kot denda izango dira aste desberdinetan bideo-jokoa babestuko duten kanpaina, enpresa eta erakundeak.  

7D hau bukatzeko finala antolatuko dutela baieztatu dute CodeSyntaxekoek. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz “finalaren formatua, tokia eta partaidetza, zehaztu gabe” daude oraindik, baina halere uneko neurriak errespetatuz denboraldia amaitzeko ekimen berezia egitea aurreikusten dute. “Lagun gehiagorekin gutxirekin baino hobeto, baina elkar topatuz baten batzuk gutxienez”. Bertan zazpigarren denboraldiko jokalari onenek zein zozketaz gonbidatutako erabiltzaileek parte hartuko dute.

 

Minutu pare bat egunean

Saltoki digitaletan deskargatzeko prest egon denetik arrakasta baino ez du lortu Egunean Behinek. Maiatzean bukatutzat emandako 6. denboraldian 64.000 lagunek jokatu zuten, astean 380.000 partida sortuta; denboraldi osoan 3.049.762 partida jokatu ziren aplikazioan.

Iaz XXXII. Rikardo Arregi Komunikazio Saria jaso zuen bideo-jokoak, mugikorrek eskaintzen dituzten baliabideei “modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena” dela nabarmenduta. Orain bi urte merkaturatu zenetik 100.000 deskarga baino gehiago bildu ditu aplikazioa Androiden eta iOSen saltoki digitaletan.