Bideojokoetan edozein motatako rolak hartzea posible da guretzat: iturginak, arkeologoak, diktadoreak, zaldunak nahiz superheroiak izan gara. Batez ere gizonezkoei zuzendutako industria izanik, baina, rol horiek gizon baten kontrola hartuta bete izan ditugu gehienetan. Grand Theft Auto, Halo, The Legend of Zelda, Call of Duty eta beste hainbat frankizia arrakastatsuk ez dute emakumezko rol protagonistarik jaso, behintzat joko nagusietan; aipatutakoetan protagonista desberdin asko ikusi ditugun arren, beti izan dira gizonezkoak, eta emakumeak bigarren mailako tituluetara edo spin-off abenturetara mugatu dituzte.
Azken urteetan, zorionez, joera hori aldatzen joan dela dirudi: ez da harritzekoa, azken txostenen arabera bideojokalarien ia erdia emakumezkoak baitira. Horri buruz luze eta sakon hitz egin genuen Jone Zalduegi hezitzaile sexualarekin egindako zuzeneko solasaldian zein Naiz Irratiko gure irratsaioan egindako elkarrizketan.
Hori argitzen joan ahala, enpresa handiak gero eta gehiago animatu dira emakume bati rol nagusia ematera. Garatzaile handienetako bideojokoetako kasu askotan gizonezko batekin partekatzen dute protagonismoa: Pokémon sagak, adibidez, 2000. urtean kaleratutako Crystal atalean gehitu zuen neska batekin jokatzen hasteko aukera; ordutik hona ia joko guztietan aukera dezakegu mutil edo neska baten artean abentura hasterakoan.
RPG handi askotan gertatzen den gauza bera da. Protagonista desberdinen artean aukeratzea ahalbidetzean gizonezkoen edo emakumezkoen artean hauta dezakegu: Mass Effect, Prey, Cyberpunk 2077, Skyrim, Dark Souls, Jedi Academy, Sifu eta Dishonored 2 dira, besteak beste, hau egitea eskaintzen diguten joko ezagunak. Bata zein bestea kontrolatzeak ez du inolaz ere eragiten kasu batzuetan, baina hainbatetan bikoizketa propioa, istorioa eta beste hainbat ezaugarri aldatzen dira.
Ezin da esan gauza bera estudio independenteengandik, garatzaile txiki askoren tituluetako erabateko protagonistak emakumezkoak baitira. A Hat in Time zoragarriko Hat kid, Celeste plataforma jokoko Madeline ( eta bere alde iluna), A Short Hike lasaiko Claire txoria, Transistor bereziko Red, Gris ederreko izen bereko protagonista… azken urteetako bideojoko esanguratsu askotako neska protagonistak indietan sortu direla esan dezakegu.
Dena den, bideojoko frankizia ezagunenetan edo maitatuenetan ere ikusten ditugu emakumezko protagonistak. Horietako batzuk ezagutzeari eta bere istorioa errepasatzeari ekingo diogu gaur, mundu hau aldatzeari ekin dioten era guztietako pertsonaiak baitaude. Goazen lehenengoarekin.
Samus Aran (Metroid)
Harritzekoa bada ere, Japoniatik eta, are nabarmenago, Nintendo-tik etorritako saga batekin hasiko dugu erreportajea. Metroid bideojokozaleen artean benetan maitatua izatera iritsi den frankizia da: azpigenero oso bat eratzeko balio izan du, metroidvania; horrez gain, rol protagonistan emakumezko bat edukitako lehen bideojoko handietakoa da: Samus Aran espazioko gerlaria, hain zuzen ere.
35 urte bete zituen frankiziak iaz; ez hori bakarrik, urteurren berezia ospatzeko bideojoko bikainaren protagonista izan zen beste batez Samus: Metroid Dread apartarena —hemen duzue gure analisia—. Gaur egun bideojokozale guztiok ondo dakigu nolakoa den mertzenarioa. Super Smash Bros frankiziarekin bere Chozo armadura gabe ezagutzeko aukera izan dugu Wii-rako estreinatutako Brawl dibertigarritik. Hala ere, 1986ko abuztuaren 6an NES kontsolarako estreinatutako lehen Metroid abentura hartan ez zegoen oso argi, edo behintzat askorentzat ezezaguna zen.
Samus uneoro agertzen zen armadura jantzita, amaierarik onenetan izan ezik. Hauek lortzea ez zen batere erraza, eta ziurrenik jokoa behin baino gehiagotan gainditu zutenek baino ez zituzten ikusiko bere garaian: bost ordutik beherako partida gainditu behar genuen kaskorik gabe ikusteko. Dena den, Justin Bailey kode ezaguna erabilita armadura gabe jokatzeko aukera zegoen.
Espazioko piratei, X parasito beldurgarriei zein metroid hilgarriei egurra eman izan die behin eta berriz Nintendoko gerlariak. Bideojokoen munduko emakumeen artean ikur bilakatu da, zalantzarik gabe, eta azken abenturaren arrakastarekin datozen urteetan are gehiagotan ikusiko dugula dirudi.
Lara Croft (Tomb Raider)
Polemikaz inguratutako pertsonaia dugu bigarrena, baina bideojokoen munduko ezagunena aldi berean. 1996an ezagutu genuen lehen aldiz Lara Croft Core Design eta Eidos Interactive estudioek prestatutako Tomb Raider arrakastatsuan. Esplorazioa, puzzleak eta tiroketa batzuk biltzen zituen arkeologoaren abenturak.
Gaur egungo Lara oso desberdina da ordu hartakoarekin alderatzen badugu. Neurriz gorako diseinuak alboratuta, 2013an berriabiarazi zuten frankizia Square Enix-en aterpean. Lararen lehen abenturak ezagutu genituen Tomb Raider hartan, eta horren ostean beste bi abentura bikain jaso ditu: Rise of the Tomb Raider eta Shadow of the Tomb Raider.
Protagonista hazten ikusi dugu hiru tituluotan. Esperientziarik gabeko abenturazalea izatetik, edozein erronkari aurre egiteko prest dagoen emakumean bilakatu da Lara trilogia berrian; akzio eszena ikusgarriak daude, bai, baina egoera gogorragoak eta . Zineman bi aktorek jarri diote aurpegia: Angelina Jolie eta Alicia Vikander izan dira Tomb Raiderren oinarritutako filmetako rol nagusiak hartu dituztenak.
Jill Valentine (Resident Evil)
Lehenengo Resident Evilean gizonezko batekin partekatzen zuen protagonismoa Jill Valentine poliziak. Arklay mendietan galduta zegoen Spencer etxebizitzako misterioak ikertzeari ekin behar izan zion 1996an baita —25. urteurrena ospatzeko artikulua argitaratu genuen hemen—: azkar batean aurkitu zituen T-birusak berpiztutako gizaki, zakur, suge eta bestelako munstro beldurgarriak.
Urte batzuk beranduago, baina, bere joko propioaren protagonistan bilakatu zen Jill. Sagaren hirugarren atalean Nemesis hilezinari aurre egin behar zion Raccoon City-ko kaleetan. Orain urte pare bat remake aparta jaso zuen RE3-k—hemen analisia—, gainera: joko originala guztiz eraberritu zuten Capcom-eko japoniarrek, Jill eguneratu batekin.
Frankiziako pertsonairik maitatuenetakoa da zalantzarik gabe; ez da harritzekoa, beste hainbatek Umbrella Corporation maltzurraren aurrean kikilduta gelditu diren bitartean Jill hasiera batetik hauek akatzeko lanean aritu baita.
Capcomekoen pertsonaia ezaguna izanik, bitxikeria mordoan ikusi ahal izan dugu Valentine. Nabarmenenak, ziurrenik, Marvel vs Capcom 2-ko borrokalari garaiak dira: zonbiak eta bestelako munstroak erabiltzeko aukera zeukan bertan RE-ko protagonistak.
Ellie (The Last of Us)
PlayStation-en frankizia garrantzitsuenetakoan bilakatu da Naughty Dog-en The Last of Us. Horren zergatia, beste hainbat argudioren artean, beren pertsonaiengan dago. Girotze apokaliptikoarekin protagonista errealak eta sakonak eratu dituzte estatubatuarrek; horien artean, nabarmenena zalantzarik gabe Ellie da.
Lehenengo atalean Joel-ek babestu behar zuen neska gaztea zen Ellie: bere gorputzean Cordyceps onddoak eragindako pandemiari aurre egiteko gakoa dago. Bien artean harreman sendoa sortzen da abenturan zehar: Joelek bere alaba galdu zuen gaixotasuna zabaltzen hasterakoan; Ellie, aldiz, bakarrik aurkitzen da jazoera gogor batzuen ostean —eta sekretu handi bat dakar, gainera—.
The Last of Us: Part II-n protagonista rola hartu zuen neskak (aurretik, baina, gauza bera egin zuen lehen jokoaren Left Behind hedapenean): 19 urteko Ellierekin ariko gara bertan. Obra gogorra eta latza eratu zuten Naughty Dogekoek: mundu zaila da Ellierena, eta berarekin batera era guztietako erronkak gainditu beharko ditugu.
Jokoaren garatzaileek ez zuten ezkutatu protagonistaren joera sexuala: lehen zein bigarren abenturetan Ellie emakume homosexuala dela ezagutuko dugu. Modu horretara, bideojoko handien artean aurki dezakegun protagonista homosexual bakarrenetarikoa dugu.
Kassandra (Assassin’s Creed)
Ubisoft-en frankiziarik arrakastatsuenetakoan bilakatu da Assassin’s Creed. 2007an abiarazitako asasinoen sagan gizonezko protagonistak izan dira nagusi: Desmond, Altair, Ezio, Edward eta beste hainbat izen ikusi ditugu. Aveline de Grandpré izan zen lehen emakumezko protagonista; zoritxarrez, Liberation bigarren mailako jokoko rol nagusia baino ez zuen hartu.
Sindycate izan zen emakume batekin jokatzeko aukera eskaini zuen hurrengo jokoa; hala ere, Evie Frye-k bere neba Jacob-ekin partekatu zuen protagonismoa. Antzekoa gertatu zen Odyssey-n: Alexios zein Kassandra protagonisten artean hauta dezakegu abentura hasterakoan. Oraingoan, baina, desberdintasun garrantzitsu bat aurkeztu zuten frantsesek. Nahiz eta bata zein bestearekin antzeko istorioak biziko ditugun, protagonista “nagusia” Kassandra da: Assassin’s Creedetako historia jarraituz, Odysseyn jazotakoak emakumeak bizi zituen.
Protagonista indartsua dugu mertzenario grekoa: edozein erronka edo arerio garaitzeko prest, asasinoen gremioaren sortzaileetako bat da. Ellieren antzeran, beste emakume batzuekin harreman erromantikoak izan ditzake Kassandrak; bideojokoetako enpresa handiak homosexualitatea modu duinean eta serioan saihesteko beldurra galtzen ari direnaren seinalea izan daitekeela pentsa dezakegu.
Aloy (Horizon)
PlayStationen beste frankizia garrantzitsu batera itzuliko gara gure hurrengo emakumearekin. Egunotan ahoz aho dabilena, gainera. Horizon: Zero Dawn nahiz orain egun batzuk estreinatutako Forbidden West aparten Aloyri buruz ari gara, jakina.
Kasu honetan ere girotze apokaliptikoarekin, baina oraingoan natura eta teknologia batzen diren mundu batekin, Nora tribuko gerlaria da Aloy. Mundua esploratzeko desiratzen dagoen emakumea da; erabaki ausarta, dinosauro robotiko erraldoiak baitaude edonon.
Guerrilla Games-ekoen bideojokoetan gizadia zein pizti teknologikoak batu beharko ditu Aloyk. Aldi berean, gizakiei gertatutakoaren misterioa argitzea izango da helburu nagusietako bat.
Max eta Chloe (Life is Strange)
Dotnod Entertainment estudioak Square Enixekin batera garatutako Life is Strange zoragarriko protagonistekin bukatuko dugu gure zerrenda: Max Caulfieldek eta Chloe Pricek osatutako bikotearekin, noski.
Abentura grafiko honetan Max kontrolatuko dugun arren, bere lagun onena den Chloek berebiziko garrantzia izango du obra osoan zehar. Misterioak argitzea, botere harrigarriak erabiltzea eta erabaki gogorrak hartzea proposatzen du 2015ean kapituluka argitaratutako tituluak.
Maxek hartutako erabakien arabera izango duen eraldaketa nabarmentzekoa da: denboran atzera egiteko ahalmena dauka gure protagonistak, baina halere askotan zaila izango da erabaki zuzenak hartzea. Horren arabera istorioa aldatzen joango gara, askotan kale eginez, baina Arcadia Bay herria leku hobea egiteko asmoarekin.
Oraindik egiteko lan asko dago arlo honetan. Emakumeak bideojokoetako protagonistak izatea normalizatzeko bidea luzea da.
Wired agerkariak orain urte batzuk argitaratutako artikulu batean E3 azoka garrantzitsuko aurkezpenetan emakumeak protagonista diren obren azterketa sakona egin zuen, adibidez. Bertan agertzen zenez, 2019ko ekimenean iragarritako bideojokoetako % 5ean baino ez zeukaten rol nagusia emakumeek. Beherakada nabarmena 2015eko azokarekin alderatuz: bertako tituluetako % 9an ikus zitezkeen emakume protagonistak.
Arestian nabarmendu bezala, joko txikietara eta independenteetara joz gero zifra horiek asko aldatuko dira ziurrenik. Industriako izen garrantzitsuen txanda da orain joera hori aldatzeko.
ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK:
Sorginen Kondaira bideojokoaren analisia, gaur arratsaldean Twitchen.
Iruzkinak