Prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek aukeratuko dute irabazlea. Vigoko Unibertsitatean egingo den ekitaldi batean iragarriko da.
Bideojokozaleak arduratu dira ETIV-UVIGO Sarien lehenengo faseko izendapenez. Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak antolatutako ekimenak zazpi kategoria ditu; horien artean Euskarazko jokorik onena dago: partaideek Space Revenge, Forgotten Journey eta Nuclear Corps izendatu dituzte.
2021. urtean kaleratutako euskarazko jokoen artean aukeratu behar izan dute; iaz egindako itzulpenak ere jaso ahal zuten izendapena, baldin eta itzulpenaz arduratu direnak behar bezala akreditatuta dauden bitartean.
Space Revengen kasuan, Game Erauntsia Elkarteak lokalizatu zuen Eskema Games estudioaren azken lana; DigiPen Bilbao-ko ikasleek osatutako Asvaq Games taldeak garatu eta euskaratu zuen berriz Forgotten Journey; azkenik, joan den abenduan kaleratutako Nuclear Corps Bilboko Jokoga Interactive estudioaren eta Harrobia Ikastolako ikasleen obra da.
Pasa den urtean euskaratutako hainbat obra estreinatu zirenez, botoa eman dutenek jokoen zerrenda luzea izan dute esku artean: izendapena jaso dutenez gain Everhood, Itadaki Smash, Magic Twins, Mirlo: Above the Sun, Nuclear Blaze, Pile Up! Box by box, Super Woden GP, Sword of the Necromancer, The Five Covens eta Waves Out! dira baldintza hauek betetzen zituzten lanak.
Gainerako kategoriei dagokienez, hauek dira hautagaiak:
- Galizierazko jokorik onena: Super Woden GP, Ruin Raiders, Sword of the Necromancer
- Katalanezko jokorik onena: Super Woden GP, Aragami 2, Sword of the Necromancer
- Bikoiztutako jokoen lokalizaziorik onena: Resident Evil Village, Far Cry 6, Deathloop, Halo Infinite, Jurassic World Evolution 2, Wario Ware Get it Together!, Age of Empires IV, Ratchet & Clank: Rift Apart, Returnal, Marvel’s Guardians of the Galaxy
- Bikoiztu gabeko jokoen lokalizaziorik onena: Evil Genius 2, Life is Strange: True Colors, Aeon Must Die!, NEO: The World Ends With You, Psychonauts 2, Guilty Gear Strive, It Takes Two, Persona 5 Strikers, Hitman III, Chorus
- Indie jokoen lokalizaziorik onena: Loop Hero, Inscryption, Backbone, Doki Doki Literature Club Plus, Wraith: The Oblivion – Afterlife, Valheim, Cyanide & Happiness Freakpocalypse, Lemnis Gate, Chernobylite, Sable
- Joko irisgarriena: Forza Horizon 5, It Takes Two, Marvel’s Guardians of the Galaxy
Kategoria batzuetako hautagaiak bigarren fasera igaroko dira orain: ETIV-eko (Especialista en Traducción para la Industria del Videojuego) ikasleen epaimahaiak bakoitzetik hiru izendapen egingo ditu. Euskarazko, galizierazko eta katalanezko jokorik onenen kategoriak zuzenean hirugarren fasera igaroko dira hautatuak izan daitezkeen titulu gutxiago dituztelako.
Prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatutako epaimahaiak erabakiko du zeintzuk diren kategoria bakoitzeko irabazleak. Antolatzaileek urteko lehen seihilekoan Vigoko Unibertsitatean iragarriko dituzte irabazleak: ekimen berezia egingo dute horretarako.
Iruzkinak