Duela zenbait egun ohartarazi zigun gure lagun @xipyrion-ek bere twitter kontutik Polymorph games Kanadako estudioaren Foundation jokoa hizkuntza ezberdinetan itzultzeko aukera zegoela. Orduz geroztik buru belarri jardun dugu itzulpen lanetan eta hona dagoeneko bertsio ofizialean txertatu dute.

Atzo eman genuen berria txio baten bitartez, dagoeneko lehen bertsioa euskaraz plazaratu zutela eta baina blog sarrera bat idatzi nahi izan dugu jokoaren nondik norakoak hobeto xehatzeko.

Jokoa %100 euskaraz egoteaz gain ordea, itzela izateko promesa da. Bestelako eraikuntza jokoek eskeintzen ez dizkiguten aukerak ematen baitizkigu honek. Deigarria egiten da eraikuntza organikoa deritzoten kontzeptu berri bat inplementatu baitute bertan. Funtsean, lurralde kuadrikula batean zure eraikinak txukun doitu beharrean, eraikitzeko izango den lurraldea marraztu beharko duzu. Eta horrela, modu "naturalean" herritarrek beraiek nahi duten lekuan eraikiko dituzte beren etxeak. Berdin gertatzen da lanarekin ere, zuk zeuk ustiapen edo erauzketa guneak zehaztu ostean, langileak beraiek arduratuko baitira lanerako lekurik onenak aukeratzeaz (zuhaitzak mozteko, garia landatzeko...).

Bestalde, onura "pertsonalak" ere ase beharko dituzu (ura, janaria, arropa, bakoitzaren etxebizitza...). Hau da, herrian biztanle bakoitzak etxea, lana eta asetzeko oinarrizko premiak beteak dituela zaindu beharko duzu (bai, 100 herritar badauzkazu, guztienak, banan banan). Eta bakoitzari lanbide ezberdin bat esleitu diezaiokezu. Zuk antolatzen duzu beraz herriko ekonomia eta bide batez egitura ere.

Merkataritza garrantzitsua da baita, eta merkataria herritik pasatzen den bakoitzean falta zaizkizun baliabideak erosi eta gehiegi ekoitzitakoak saldu beharko dituzu. Ekonomian hazi eta herri xumeaz aparte, jauntxoen gaztelu eta eliza eraikitzea ere garrantzitsua delarik.

Oraindik ere jokagarritasunean asko du hobetzeko... Misio eta erronkak falta zaizkio, eliza edota noblezia ez dut ikusterik lortu eta hauen beharrak ere gerora bete beharko dira, noski. Alfa fasean dago baina udazken-negu alderako amaitutzat izatea espero dute garatzaileek. Ikusiko dugu jokoak zer eboluzio duen, baina ikusten denarekin eta garatzaileek dituzten asmoak kontutan hartuta jokoa ederra izango dela ziur gaude. Dagoeneko sari dexente ere irabazi ditu, baina onena bideo honetan bildu duguna ikustea izango duzue.

Euskaratzeari dagokionez, bideoan ikusten den bezala dagoeneko zuzendu beharreko kontu batzuk agertu dira eta udazken negurarte egingo dituzten garapen berrien itzulpenak ere egin beharko dira. Baina, dagoeneko jokoan zer forma hartu duten ikusita, hemendik aurrera dena errazagoa izango da! Proiektua mantentzen jarraituko dugu beraz!

Bide batez, jokoaren garapenean lagundu eta guk bezala argitaratu aurreko alfa bertsioa probatu nahi baduzue, hemendik eros dezakezue: https://polymorph.games/foundation/#kickstarter

Orrialdean dagoen "Villager" packa erosten baduzue, Steam plataformarako jokoaren gako bat eta alfan jolasteko sarbidea lortuko dituzue.

Gozatu beste bideojoko bat euskaraz!