Sarbide goiztiarrean estreinatu da PCrako, baina gure hizkuntzan ofizialki joka dezakegu Beñat Ramosek egindako lanari esker.
Gravity Lagoon estudioak eta HypeTrain Digital argitaletxeak Gatekeeper kaleratu dute: akzioz betetako tiroketak proposatzen ditu, lagunekin kooperatiboan aritzeko aukerarekin. Ez hori bakarrik, ofizialki euskaratuta estreinatu da sarbide goiztiarrean.
Steam plataforman aurkituko dugu early access fasean dagoen titulua. Roguelike generoko ikur diren Hades edo Enter the Gungeon jokoen oinarriak bereganatzen ditu Gatekeeperrek: ikuspegi isometrikoarekin —kasu honetan 3D grafikoekin, hori bai— dozenaka arerio akabatzen joango gara erritmo biziko borroka zirraragarrietan.
Lapurtutako unibertsoaren bihotza berreskuratzea izango da gure helburua. Sirena izeneko robot zitalek gordetako giltzak beharko ditugu horretarako.
Gatekeeper desberdinen artean hauta dezakegu partida bakoitzaren hasieran: berezko abileziak eta estatistikak ditu robot protagonista bakoitzak, jokatzeko modu anitzak ahalbidetuta. Borroka gogorretatik bizirik ateraz gero, hobekuntzak eta ahalmenak desblokeatzeko esperientzia puntuak lortzen joango gara; ez hori bakarrik, kokalekuetan sakabanatutako artefaktuek ere botere bereziak eskainiko dizkigute.
Une honetan 81 objektu daude jokoan, baina behin betiko bertsioarekin 100 inguru egongo direla agintzen dituzte egileek.
Bisitatutako ditugun planetetan —une honetan lau daude, baina gehiago datoz— dozenaka arerio nahiz etsai nagusi desberdin aurkituko ditugu. Hauen eraso taktikak eta ahulguneak ezagutzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko; zorionez, bakarka zein beste hiru lagunekin elkarlanean ibil gaitezke gure abenturetan.
Euskaratze prozesu luzea
Beñat ‘Katukinabarra’ Ramos arduratu da Gatekeeperren euskaratzeaz. Hala eta guztiz ere, lana bukatu gabe dago oraindik: Gravity Lagoonek hainbat eguneraketa handi agindu ditu sarbide goiztiarraren ibilbide orrian, denetariko edukiak gehituta.
Urtea bukatu aurretik misio, artefaktu, gune, gatekeeper, planeta eta buruzagientzako borroka faseak inplementatzeko asmoa daukate garatzaileek.Horiekin batera gehitutako testuak itzultzeko ardura hartuko du Katukinabarrak.
2025eko bigarren hiruhilekoan jasoko du jokoak aurreikusitako azken eguneraketa handia: horrekin batera 1.0 bertsioa argitaratuko dutela aipatzen dute. Oraingoz, baina, harrera bikaina izan du sarbide goiztiarrak, balorazio “oso positiboa” eskuratuta.
Katukinabarrak euskaratutako bigarren jokoa
Gatekeeperren euskaratzean murgilduta dagoen bitartean, Katukinabarrak aurretik gure mintzairara itzulitako jokoa nabarmentzeko une aproposa da: Witch It! dibertigarria euskaratu zuen joan den urte bukaeran.
Sorginak eta ehiztariak bata bestearen aurka jartzen dituen obra multijokalari asimetriko dibertigarria da. Hau zein euskaraz joka ditzakegun gainerako 155 tituluak Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan bildu ditugu.
Iruzkinak