Obrarik onenaz gain hainbat kategoriatan banatu ditugu aurtengo sariak; berritasunen artean egon dira Euskal bideo-jokorik onena eta Euskaratutako bideo-jokorik onena.

Urtea hasi berri dugu. Gabonak bukatu dira, eta askorentzat lanera edo klasera itzultzeko eguna iritsi da. Aurtengo albisteekin hasita, une batez atzera begiratu behar dugu; izan ere, GESariak 2021eko irabazleak aurkeztera gatoz.

Irabazle guztiak urtarrilaren 4an egin genuen zuzeneko berezian iragarri genituen, baina blogeko sarrera honetan informazio pixkat gehiago eskainiko dugu. 2021a urte berezia izan da: agian ez dira horrenbeste bideo-joko handi kaleratu, baina garatzaile txiki nahiz handiek erakutsitako maila aparta izan da.

Prestatu ditugun kategoria guztietan zaila izan da irabazlea hautatzea, eta hori komunitateak emandako erantzunarekin are argiago geratu da: sarituetako batek ere ez du lortu erraz irabaztea. Hori ikusita, argi dago iazko urtea benetan oparoa izan dela bideo-jokoen aldetik. 57 parte hartzaile eduki ditugu guztira aurten, beraz oso pozik geratu gara bozka ematera animatu den zale kopuruarekin.

Goazen ba 2021eko GESarien irabazleak berrikustera!

 

2021eko bideo-jokorik onena

Genero guztietako altxorrak. Hori da, zalantzarik gabe, urteko jokorik onenaren hautagaiak ikusita atera daitekeen ondorio nagusia. Game Erauntsiatik jarritako adibideen artean Deathloop eta Halo Infinite bezalako akziozko lanak, Forza Horizon 5-en auto zerrenda amaigabea eta mundu irekia, Age of Empires IV-ren estrategia zaharberritua edota It Takes Two-ren bikoteentzako abentura zeuden.

Horiek dira boto gehien jaso dituztenak, baina beste joko zoragarri batzuk aipatu dituzte baita komunitateko kideek. Double Fine estudioaren Psychonauts 2 miragarria, Returnal roguelike misteriotsua zein Cyberpunk 2077 liluragarri zein zorigaitzekoa izan dira, besteak beste, euskal bideojokozaleen komunitateko kideek bozkatutako obrak.

Halere, Game Erauntsiako jarraitzaileek nahiko argi izan dute, eta zerrenda osatzen izan duten frankizietatik klasikoenak irabazi du 2021ko bideo-jokorik onenaren saria: Metroid Dread izan da nagusi. MercurySteam estudio espainiarrak Nintendo-rekin elkarlanean urte bukaeran kaleratutako joko honek argi utzi digu Samus Aran ehiztariak indar betean jarraitzen duela.

Bere atzetik It Takes Two eta Age of Empires IV geratu dira, biak boto kopuru berbera lortuta. Atzetik, oso hurbil, Xbox Game Studios-en beste jokoetako bat geratu da: Halo Infinite.

  1. Metroid Dread (18 boto)
  2. It Takes Two / Age of Empires IV (7 boto bakoitzak)
  3. Halo Infinite (6 boto)

Game Erauntsian analisi sakona eskaini genion urrian Samusen abenturari. Bertan nabarmendu genuenez, “Metroid klasikoak maila berri batera eramatea lortu du Dreadek“. Beraz, komunitatearekin bat gatozela esan dezakegu. Zorionak, Samus!

 

Euskaraz jokatzeko urte aproposa

Iazko urtea benetan oparoa eta harrigarria izan zen euskaldunentzat. Euskal Herrian sortutako hainbat bideo-joko ikusi ditugu: genero guztietakoak zein askotariko plataformetarako izan dira hauek. Game Erauntsia Elkartetik benetan pozik geratu gara ikusitakoarekin, inoiz baino euskal joko gehiago kaleratu baitziren 2021ean.

Itadaki Smash, Waves Out, The Five Covens, Forgotten Journey, Mirlo: Above the Sun, Nuclear Corps… Lehia gogorra izan da, baina euskal komunitateak bere hautua eman du.

 

Euskal bideo-jokorik onena
  1. Mirlo: Above the Sun (27 boto)
  2. Nuclear Corps (14 boto)
  3. Itadaki Smash / Waves Out (3 boto bakoitzak)

Zorionak irabazleei, benetan merezi dituzue eta! Mirlo Digipen ikastetxeko laugarren mailako ikasleek garatutako obra da; doan joka daiteke Steam bidez PC-an; beraz, ez baduzue ezagutzen emaiozue aukera bat.

Euskal jokoekin batera, euskaratutako lanen kopurua izugarri hazi zen iaz. Joko berri gutxi batzuk euskaraz izatetik, hemeretzi obra lokalizatu ziren 2021ean. Batzuk, garatzaileen eskutik euskaratutakoak izan dira; goian aipatutako guztiak, hain zuzen ere.

Besteak, komunitatearen lanari esker itzulitakoak dira. Eskertzekoa izan da euskal bideojokozaleek hartutako lana, sekulako lanak ikusi baititugu euskaraz; aipamen berezia egin behar diogu Ibai Oihangureni: zerrendako joko asko berak euskaratutakoak izan dira; hortaz, milesker egindako lan bikainagatik. Batzuk, gainera, ofizialki gehitu dira jokoetara garatzaileei esker. Hauek izan dira kategoria berri honen irabazleak.

 

Euskaratutako bideo-jokorik onena
  1. Nuclear Corps (13 boto)
  2. Mirlo: Above the Sun (12 boto)
  3. Forgotten Journey (8 boto)

Jokoga Interactive estudio bilbotarrak eta Harrobia Ikastolak PlayStation Talents ekimenaren babespean argitaratutako Nuclear Corps izan da irabazlea! Jarraian, oso hurbil izan du Mirlo. Hirugarren postua Digipeneko beste ikasle talde batentzako izan da: Forgotten Journey interesgarria Steamen aurki daiteke doan jokatzeko.

Denetariko generoak

 

Akzio eta abenturazko jokorik onena
  1. Metroid Dread (22 boto)
  2. Psychonauts 2 (14 boto)
  3. Ratchet & Clank: Rift Apart (7 boto)

Metroid Dreadek ez du sari bakarra lortu, baina: Akzio eta abenturazko jokorik onena irabazi du gainera. Bigarren postuan Double Finen plataforma joko bikaina geratu da: Psychonautsen jarraipenaren zain zeuden zaleak, eta euskal bideojokozaleek argi utzi dute pozik geratu direla burmuinen eta adimenen abenturarekin.

Hirugarren postua, berriz, beste plataforma joko batentzat izan da. Ratchet & Clank: Rift Apart-ek lortu du hirugarren geratzea kategoria honetan. PlayStation 5-eko esklusiboa benetan ikusgarria izateaz gain, dibertigarria ere badela erakutsi du.

 

Rol jokorik onena
  1. Monster Hunter Rise (18 boto)
  2. Cyberpunk 2077 (13 boto)
  3. Shin Megami Tensei V (7 boto)

Rol jokorik onenari dagokionez, 2021a urte berezia izan dela aitortu beharra dugu. Alde batetik, CD Projekt RED-ek 2020 bukaeran argitaratutako Cyberpunk 2077 dugu: jokalariak haserretzea lortu du hainbat arrazoirengatik; aldi berean, rol abentura xarmagarria da poloniarrena. Hori horrela, bigarren postuan geratu da kategoria honetan.

Hirugarren postua JRPG-en artean frankizia klasiko zein ezezagun baten bosgarren atalarentzako izan da. Atlus-ekoak Persona sagarekin lortu dute ospea, baina honen gurasoak dira Shin Megami Tensei sagako jokoak. SMT V-ek sekulako arrakasta lortu du Switch-eko jokalarien artean.

Saria beste abentura japoniar batentzat izan da. Capcom-ekoak atsedenik hartu gabe ari dira Monster Hunter berriak kaleratzen: azken Rise ikaragarria izan da sagako beteranoentzat.

 

Indie jokorik onena
  1. The Forgotten City (17 boto)
  2. Kena: Bridge of Spirits (16 boto)
  3. Loop Hero (11 boto)

Hainbat ezusteko hartu ditugu Game Erauntsian indie onenen sarituak ikusterakoan. Loop Hero bikaina hiru onenen artean egotea espero genuen, baina Inscryption edota Death’s Door bikainak azalduko zirela uste genuen baita ere.

Ez da horrela izan, eta bigarren postua Ember Lab hasiberriaren Kena: Bridge of Spiritsentzat izan da. Plataformak, akzioa eta atal grafiko ikusgarria batzen ditu The Legend of Zelda-ren zinematika bat egiten hasi zen taldearen lehen bideo-jokoak.

Irabazlea ustekabeko hutsa izan da. The Forgotten City sekulako jokoa da, hori argi dago, baina pixkat ezezaguna izango zela pentsatzen genuen. Ez da horrela izan, eta Skyrim-en mod bezala jaiotako proiektu interesgarri honek lortu du GESaria.

 

Multijokalari onena
  1. It Takes Two (28 boto)
  2. New World / Valheim (7 boto bakoitzak)
  3. Monster Hunter Rise (5 boto)

Euskal jokalariek mundu osokoen joera berbera erakutsi dute multijokalari obrarik onena hautatzeko orduan. Hazelight Studios-en It Takes Two dibertigarriak eraman du sari nagusia, The Game Awards-etan gertatu modura. Bi jokalarirentzako plataformak, tiroketak eta askoz gehiago eskaintzen ditu lan honek.

Ondoren, bi MMORPG geratu dira parean: Amazon Games-en New World erraldoia eta Iron Gate indie estudioaren Valheim berezia. Monster Hunter Rise daukagu ostean: Capcomekoek ez dute lortu sari hau eramatea.

 

Gailu mugikorretarako jokorik onena
  1. Pokémon Unite / League of Legends: Wild Rift (14 boto bakoitzak)
  2. My Friend Pedro: Ripe for Revenge (10 boto)
  3. Rocket League Sideswipe (7 boto)

MOBA jokoen urtea izan da 2021 mugikorren munduan. Alde batetik, Pokémon Unite daukagu: The Pokémon Company enpresaren frankizia ezaguna azkenik murgildu da genero honen barruan, eta joko benetan interesgarri batekin egin du, mekanika propioekin. Bestalde, Riot Games-ekoek League of Legends arrakastatsua mugikorretara eraman dute Wild Riftekin: mekanika mugatuekin, baina jatorrizko jokoaren oinarriak mantenduta iritsi da.

Bigarren postuan My Friend Pedro indie abenturaren jarraipena dugu: Ripe for Revenge-k estetika dibertigarria duen arren, tiroketaz beteta dago. Azkenik, orain gutxi estreinatutako Rocket League berria geratu da hirugarren postuan. Sideswipek autoen futbol eta saskibaloi partidak proposatzen ditu atzamar bakarrarekin.

 

Gehien espero duzun jokoa
  1. Elden Ring (16 boto)
  2. The Legend of Zelda: Breath of the Wild 2 (15 boto)
  3. God of War Ragnarok (8 boto)

2021ean bideo-joko bikain mordoa ikusi ditugun arren, aurretik esan dugun bezala ez da argitalpen handien urtea izan. Etorkizunean kaleratuko diren jokoen zerrenda ikusita, argi dago iristear dagoena are hobea izango dela.

Sony Santa Monica-koek sekulako abentura sortu zuten 2018ko God of War-ekin. Kratos jainkoaren oinarriak eraberritu, eta akzioz betetako abentura interesgarri zein ikusgarria eratu zuten. Ibilbide hori jarraituko dute gure sarietan hirugarren postua lortu duen Ragnarokekin: aurten estreinatuko da PlayStation 5ean nahiz 4an.

Bigarren postuan beste klasiko handietako bat dugu. Eiji Aonuma zuzendariaren taldeak The Legend of Zelda saga amaigabeko mekanikak aldatzeari ekin zion 2019ko Breath of the Wild-ekin. Joko hauetan betidanik nagusi izan den esplorazioa areagotu, eta mundu ireki eder zein aberatsa sortu zuten Link heroiarekin zeharkatzeko misioak gaindituta, arerioak akatuta eta, nola ez, errezetak sukaldatuta.

Irabazlea, baina, laster ikusiko dugun abentura izango da. Elden Ring izen berria den arren, Dark Souls-en oinordeko zuzena dela esan dezakegu: From Software prestatzen ari den jokoak arima ilunen abenturetako mekanika guztiak biltzen ditu, mundu irekia eskainita aldi berean. Otsailaren 25ean ikusiko dugu Hidetaka Miyazaki maisuaren lana.

Sarituak aipatuta, beste sari mota bat nabarmendu behar dugu bukatu baino lehen: zozketako irabazleak! Ander Intxaurrondo izan da 20 euroko opari txartelaren irabazlea; halere, partaideei eskerrak emateko bide bezala hainbat jokoren kodeak oparitzen gabiltza. Parte hartu bazenu, adi jarri zenuen helbide elektronikoari, joko interesgarriak ditugu eta.

Esan bezala, urte hasieran sari hauek aurkezteko zuzeneko emanaldi berezia egin genuen Game Erauntsiatik. Ikusi nahi baduzue, hemen daukazue: