Hirugarren atala Halo: Combat Evolved Anniversary, Halo 2: Anniversary eta Halo: Reach bideojokoei gehituko zaie.

PCan jokatzen duten Haloren zaleak pozik egoteko arrazoiak dituzte. Maiatzean Halo 2: Anniversary jaso ondoren, Master Chief Collectionari Halo 3 gehituko zaio datorren astean. Zehazki, uztailaren 14an jokatu ahalko da Microsoften tiro jokoen saga ospetsuko hirugarren atalera.

Bilduma osoarekin batera ez ezik, Halo 3 bakarka erosteko aukera ere egongo da, beste jokoekin gertatu modura. Bungiek garatutako bideojokoa Steam edota Microsoft Store bidez erosi ahalko da; Xbox Game Passean ere gehituko dutela agindu dute Microsoftekoek.

Nola ez, PCko bertsioak teklatu eta saguentzako euskarria izango du. Horrez gain, birmasterizazioa 4K-ko bereizmenean, 60 FPS baino gehiagotara eta HDR aukerak aktibatuta jokatu ahalko da. Ultrawide monitoreentzako euskarria eskaini eta FOV ezarpenak ere aldatzeko aukera emango dute.

Hirugarren atala argitaratuta, Halo ODST, Halo 4 eta Halo 5 PCan argitaratzea faltako zaio 343 Industries garatzaileari.

Halo 3rena ez da izango uztailean sagari buruz izango dugun albiste bakarra. Hilabete honetan Microsoftek emitituko duen Xbox Game Showcasean Halo Infiniteri buruzko berriak emango dituzte Redmondekoek.