Josu Igoak Adriaan de Jongh indie garatzailearekin joko xarmagarria itzuli du. PCko bertsioa euskaratu dezakegu.
Hidden Folks euskaraz goza dezakegu oraindik aurrera. Ezkutatuta dagoen jendea zein objektuak bilatzea proposatzen duen bideojoko dibertigarria gure hizkuntzan dago.

Josu Igoa nekaezina arduratu da ‘Non dago Wally?’ bezalako jokoen oinarriak hartzen dituen lana lokalizatzeaz. Beti bezala, bere Github orrialdean aurki dezakegu itzulpena: PCrako GNU/Linux, Windows edo MacOS sistema eragiletarako prestatu du. Hemen instalatzeko pausoak:
Dagokizun sistema eragilean exekutagarria deskargatu:
- Linux, Windows edo MacOS (M1 eta gainontzekoak)
- Exekutatu eta jokoaren instalazio direktorioa bilatuko du.
- Aurkitzen badu, bertan instalatzeko proposatuko dizu.
- Ez badu aurkitzen, zuk bilatzeko eskatuko dizu.
- Jokoa non instalatuta dagoen dakienean, programak itzulpena instalatuko du.
Instalazioa ongi joan bada, jokoan hizkuntza aldatzeko aukeren artean agertuko da Euskara. Ikustekoa den bezala, erraz eta azkar batean erabiltzeko metodoa prestatu digu Igoak.
Eskuz marraztutako zuri-beltzeko 32 paisaia interaktiboak arakatzen ariko gara Hidden Folksen. Umore bereziarekin, irudi zein soinu dibertigarriak ikusiko eta entzungo ditugu Adriaan de Jongh indie garatzailearen jokoan. 300 misiorekin, etxeko guztiei zuzendutako lana dugu.

2017an estreinatu zen jatorriz, sekulako arrakasta eskuratua: Steam-eko erabiltzaileen artean balorazio bikainak lortu ditu. PCko sistema eragile desberdinentzako bertsioekin batera, Android nahiz iOS gailuetan ere joka dezakegu; beranduago, Switch kontsolarako port-a jaso zuen.
Beñat Ramos Game Erauntsiako kideak analisi sakona eskaini zion 2023an, “edozein adinetako norbaitekin jolasteko artelana” dela azpimarratuz.
Aukera ederra, hortaz, etxekoei oparitzeko: Steam-eko udazkeneko beherapenetan merketuta aurkituko dugu, gainera. Arestian aipatu modura, Igoaren Github orrialdean aurkituko dugu itzulpena.
200 bideojoko euskaraz!
Honekin, mugarri garrantzitsura iritsi gara: euskarazko bideojokoen zerrendak 200 titulu biltzen ditu dagoeneko! Itzulpen ofizialak, zaleek burututakoak, zuzenean euskaraz argitaratutako bideojokoak… denetarik aurki daiteke bertan, plataforma guztientzat.
Ez dugu bukatu, hori argi daukagu: datozen egunotan are obra gehiago gaineratuko ditugu Game Erauntsiaren zerrendara. Eskerrik asko lan honekin lagundu duzuen guztioi; zuok gabe, ez dago!
Iruzkinak