Hasiera batean aurreikusitakoa baino abentura handiagoa sortzen dabiltza. Indie metroidvania irrikatua 2023ko lehen seihilekoan kaleratzea aurreikusita zegoen.

Team Cherry taldeko Matthew Griffin marketing arduradunak sarean aditzera eman duenez, Hollow Knight: Silksong atzeratu du estudioak. Erabakia “ahalik eta bideojokorik onena egiteko” asmoarekin hartu dutela aldarrikatu du Griffinek.

Iazko Xbox Games Showcase aurkezpenean erakutsitako bideojoko guztiak urtebeteko epean kaleratzea aurreikusita zeudela nabarmendu zuten Xboxekoek. Horien artean aurkitzen zen Silksong.

Marketing arduradunaren hitzetan, horixe zen asmoa: “2023ko lehen erdian argitaratzea aurreikusita geneukan, baina garapenak aurrera jarraitzen du”. Beraz, kaleratze datarik ezagutu gabe jarraitzen dugu.

Txioan ez da arazorik edo oztoporik aipatzen garapen prozesuan; are gehiago, kontrako egoera dela dirudi. Izan ere, Griffinen arabera australiarrek hasieran irudikatu zuten abentura baino handiagoa eratzen dabiltza. “Zirraratuta gabiltza bideojokoaren tankerarekin”, dio taldekideak, “eta nahikotxo handitzen ari da”.

Bideoen, irudien edo bestelako informazioaren harira, orain arteko filosofia berbera jarraituko du taldeak: “Agitalpen egunera hurbiltzen goazela zabalduko ditugu xehetasun gehiago”. Hortaz, Silksongen berririk gabe egongo gara, ziurrenik, hainbat hilabetetan.

2019ko otsailean iragarri zuten Silksong. Hasiera batean jatorrizko Hollow Knighten eduki gehigarritzat jaio zen, baina denborarekin tamainaz handitu, eta berezko jarraipen gisa sortzea erabaki zuten Team Cherrykoek. Ordutik hona trailer gutxi batzuk baino ez ditugu jaso; hala eta guztiz ere, talde independenteak sasoi onean jarraitzen duela azpimarratu izan dute.

 

Hollow Knight, euskaraz

Silksongen zain gabiltzala, jatorrizko lanera itzultzeko aitzakiak ditugu. Urte hasieran Hollow Knighten euskaratzea argitaratu zuen Ibai Oihanguren zaleak: abentura luzeko testuak lokalizatzeaz eta hauek jokoan inpletementatzeaz arduratu zen bideojokalaria.

Ohi bezala, itzulpena aplikatzeko jarraitu beharreko pauso guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzu, gainerako itzulitako tituluekin batera.