Bideo-jokoaren edizio arruntak “baimen bikoitza” gabe kaleratuko zituztela adierazi zuten pasa den astean.
Liskarrekin betetako egunak izan dira PlayStationekoentzat. Joan den astean Guerrila Games prestatzen ari den Horizon Forbidden West abenturari buruzko xehetasunak argitu zituzten: bertan azaldutakoaren arabera Standard eta Special Edition deitutako bertsioak erosten dituzten jokalariek ez zuten “baimen bikoitza” jasoko. Hau da, PlayStation 4-rako erositako bertsioek ez zuten PlayStation 5-era eguneratzeko aukerarik edukiko. Orain, planteamendua aldatu eta eguneraketa doakoa izango dela baieztatu du Jim Ryan Sony Interactive Entertainment-eko presidenteak.
Jatorriz hartutako erabakiak, nola ez, bideo-jokozaleen artean kritikak piztu zituen. Soilik Digital Deluxe, Collector’s eta Regalla edizioek eskaintzen zuten baimen bikoitz hau, eta beraz jokoa bi PlayStation kontsoletarako nahi zutenek edizio garestiago horiek erosi beharko zituzten.
“Argi geratu da erreserben iragarpenean egin genuen eskaintza ez zela aproposa izan”, adierazi du Ryanek PlayStationen webgunean. Hori horrela, PS4rako Horizon Forbidden Westen edozein edizio erosten dutenek ondoren PS5ean ezer ordaindu gabe jokatu ahal izango dute.
Horizon Forbidden West 2022ko otsailaren 18an kaleratuko da PS5erako zein PS4rako.
Azken aldia doako eguneraketentzat
Ez da gauza berbera gertatuko PlayStation Studios-en etorkizuneko bideo-joko esklusiboekin. SIE-ko presidenteak azaldu duenez, “belaunaldi arteko bideo-joko esklusibo fisikoetan zein digitaletan PS4tik PS5era eguneratzeko 10 dolarretako eskaintza” proposatuko dute.
Orain gutxi kaleratutako Ghost of Tsushima Director’s Cut-ekin ikusitako estrategia berberarekin jarraituko dute hortaz. Prozesu honetara gehituko diren etorkizuneko jokoak baieztatu dituzte gainera: God of War eta Gran Turismo 7 eguneratze ordaindu egin beharko dute jokalariek, besteak beste.
Ostegunean beraien kontsoletarako etorkizuneko jokoen berri emateko PlayStation Showcase 2021 aurkezpena egingo dute Sonykoek.
Iruzkinak