Hyper Light Drifter bikainaren jarraipena izango den arren, hiru dimentsioko atal grafikoa eta mekanika eraberrituak proposatuko ditu.

Denbora dezente daramagu —ia urtebete— Heart Machinen lan berriari buruz ezer entzun gabe. Zorionez, Hyper Light Breaker itxurosoaren garapenak aurrera jarraitzen duela aditzera emateko zein bere akzio kooperatiboa erakusteko bideoa kaleratu berri dute arduradunek.

Hyper Light Drifter indie klasikoaren jarraipena zeharo desberdina izango da, hori bai. The Legend of Zelda gogora ekartzen zuen 2D ikuspegi zenitala zein esplorazioa eta akzioa uztartzen zituen jokagarritasuna hiru dimentsioko atal teknikoagatik eta roguelike elementuengatik ordeztuko du Breakerrek.

“Mundu ireki infinituak” agintzen dituzte Heart Machinekoek. Hauek ziztu bizian zeharkatzen eta esploratzen ariko garela ikus daiteke IGN agerkariak argitaratutako bideoan: gune koloretsuak eta ederrak izango dira mugikortasun ikaragarriarekin bisitatuko ditugunak. Estetika azpimarratzekoa da: Cel Shading antzeko estiloarekin komikietatik ateratako pertsonaiak ikusten gabiltzala dirudi.

“Ekipamendu amaigabeak” dira bideoan nabarmendutako beste alorretako bat. Pertsonaia desberdinek dozenaka arma, objektu eta abilezia edukiko dituztela erakutsi dute: ezpatekin, pistolekin, aizkorekin eta magia itxurosokoekin garaituko ditugu arerioak.

Horiei lotuta, bukatzeko, “mugarik gabeko heriotzak” ere biziko ditugula diote garatzaileek. Bullet hell elementuak ageri direla ikusita —etsai batzuen erasoek Returnal gogora ekartzen dute, egia esan—, ez da harritzekoa. Zorionez, laguntza edukitzea posible izango da: sare bidezko multijokalari kooperatiboa eskainiko du bideojokoak.

Agerikoa denez, Drifterrengandik asko aldenduko den lana izango da Breaker. Jarraipena barik, unibertso berean kokatzen den jokoa dela dirudi. Abyss King zitala tronutik kanporatzeko gure pertsonaiak hobetzen eta build onenak sortzen aritu beharko gara, hortaz.

Dena den, obra itxurosoaren aurrean gaude. Argitaratzeko asko falta da, zoritxarrez; hori bai, udazkenean Steam bidez sarbide goiztiarrean kaleratuko du Heart Machinek —izatez udaberrirako agindu zuten early access-a—.

 

Lehen jokoa, euskaraz

Ibai Oihanguren zaleak egindako lana aipatu gabe geratzea kriminala izango zen: Hyper Light Drifter euskaratzeaz arduratu zen orain ia bi urte.

Itzulpenaz PC-an soilik goza daiteke, zoritxarrez; behintzat, Windows zein GNU/Linux sistema eragileetan erabil daiteke Oihangurenek sortutako mod txukuna. Hau zein gure mintzairara lokalizatutako gainerako bideojoko guztiak ezagutzeko, Game Erauntsiaren zerrendatik pasa zaitezke.