Main Loop estudio bilbotarraren lanak beste garai bateko beat ‘em up jokoak gogora ekarriko ditu. PCrako bertsioa ere izango du bideo-jokoak

2020ko PlayStation Talents Games Camp ekimenak babestutako bigarren bideo-joko euskaldunak argitaratze data jaso du: Main Loopek garatutako Itadaki Smash maiatzaren 21ean estreinatuko da PlayStation 4an. Bilbotarren lana guztiz euskaratuta helduko da kontsolaren saltoki digitalera.

Neonezko argiekin betetako San Daigo hiria bisitatuko dute jokalariek bertan beat ‘em up joko klasikoak gogora ekarriko dituen abentura bizitzeko. Katsu, Naru, Tako eta Mayo heroiek Tengogo mafia osatzen duten yakuza gaizkileen zein bizirik dauden madarikatutako japoniar janarien aurka egin beharko dute Itadaki Smashen.

Etsaiak akatzeko kolpeen konboak, giltzak eta eraso bereziak erabiliko dituzte lau pertsonaia hauek. Atal estetiko koloretsu batekin girotze desberdinak dituzten kokalekuetan aurrera egingo dute maila bakoitza gaindituta; guztira hamasei maila agindu dituzte garatzaileek. Nola ez, bakoitzak bere etsaiak edukiko ditu, etsai nagusi beldurgarriak barne.

Abentura bakarka edo binaka bukatu ahalko da: tokiko multijokalaria eskaintzen du bideo-jokoak hain zuzen ere. Gainera, hainbat joko mota desberdin izango ditu Main Loopen lanak. Bideo-jokoa beste euskal garatzaile batekin elkarlanean prestatu dutela jakinarazi dute: PlayStation Talentsetik aholkularitza eta laguntza lanak eskaini dizkie Bilboko Relevo estudio beteranoak.

Lehen aipatu bezala, Jasone Irastorzak eta Jose Antonio Muñozek eratutako estudioaren abentura berrira euskara hutsean jokatzeko aukera egongo da: PlayStation 4an zein etorkizunean argitaratuko duten PCrako bertsioan gure hizkuntza hautatu ahalko da jokoan.

Ez da Main Loopek euskaraz argitaratutako lehen bideo-jokoa: 2019an kaleratutako Submersed beldurrezko abentura ere euskaratu zuten bilbotarrek. Azken hau ere PS4rako eta PCrako garatu zuten.

 

Euskal bideo-jokoak PlayStationen babespean.

Itadaki Smash ez da aurten PlayStation Talents egitasmoaren baitan euskaraz kaleratutako bideo-joko bakarra izango. Joan den otsailean rBorn Games garatzaile bilbotarrak The Five Covens puzzle eta plataforma abentura estreinatu zuen PS4rako; hau ere euskara hutsean gozatu ahal izateko lana burutu zuten arduradunek. Jokoaren garapenaren eta euskaratze prozesuaren inguruan hitz egin genuen beraiekin elkarrizketa sakon batean.

Sonyren ekimenak garatzaile eta estudio txikiei era guztietako laguntzak eskaintzen dizkie. 2021eko hautagaiak dagoeneko beraien proiektuak prestatzen ari dira: horien artean daude Fsix Gameseko bizkaitarren Rivalia: Dungeon Raiders ARPG jokoa edota Moonatic Studioseko nafartarren One Last Breath puzzle abentura.