Seed by Seed talde frantsesak PCan argitaratu du. Anize Amestoy euskal musikagilea soinu efektuez arduratu da.

Jump the Track Steam saltokira iritsi da. Peggle bezalako puzzle arkade jokoen mekanikak nobela bisualen elementuekin elkartzen dituen umorez betetako abentura da: hizketaldietan erabakiak hartzen ibiliko gara botereari aurre egiteko.

Sam gaztearen rola jokatuko dugu abenturan: bere nagusiaren alabaren panpina garbigailuan hondatu ondoren, mafisioengandik ihesean ariko da panpina berria bilatzen ari den bitartean. Bere jaioterriak ere ez ditu unerik goxoenak bizi: bizilagunek iraultza abiatu dute, protesten artean, poliziari zein hiriko buruei aurre egiteko asmoarekin.

Ihes egiten gabiltzala denetariko pertsonaiekin topo egingo dugu, eta hauekin hitz egiterakoan hainbat erantzun edo aukera aurkeztuko zaizkigu. Berezitasunak une horietan hasiko dira, baina: pachinko estiloko minijokoak azalduko dira, eta, bertan jotzen ditugun emozioen kutxen arabera, erantzun desberdinak desblokeatuko ditugu.

Kontrola galtzea da tituluak aurkezten digun oinarrietako bat, eta hori jokagarritasunera eramaten dute. Agian ez dugu nahi genuen erantzuna edo emozioa lortuko, baina jokoak aurrera egingo du, gelditu gabe, kaosean barneratuz.

Seed by Seed talde frantsesaren azken lana da; aurretik, Pile Up! Box by Box edo Baladins zoragarriak argitaratu ditu estudioak. Tartean da, berriz, Anize Amestoy euskal musikagilea: Jump the Tracken soinu efektuak sortzeaz arduratu da oraingoan.

Proposamen zein estetika bereziarekin batera prezio murriztua aipatu beharrekoa da: 10 eurotan kaleratu dute PCko bideojokoa. Oraingoz iritzi positiboak biltzen ditu probatu dutenen aldetik. Jump the Track Steam saltokian aurkituko dugu.