PCan eskura dezakegu Steam zein itch.io saltokien bitartez. Euskaraz argitaratu da Game Erauntsia Elkartearekin egindako elkarlanari esker.

Louis Schnellbach Tokio Studioko arduradunak Kofoin – Swarm Defense estrategia titulua aurretiazko sarbidean (early access) kaleratu du.

Urrian demoa argitaratu zuen Tokiko Studiok; ordutik hona, Godot software irekiko garapen motorearekin sortutako proban eskainitakoa hobetzen ibili da, azkenik aurretiazko sarbidearen fasera iristeraino. Sarbide goiztiarra “jokalarien benetako feedbacka jasotzeko aukera aparta” dela dio Schnellbachek.

Sei hilabete irautea aurreikusten du, ondoren 1.0 bertsioa kaleratzeko: epe horretan, “buruan dituen ezaugarriak inplementatzea eta komunitateak eskainitako feedbackari erantzutea” bilatzen du garatzaile euskaldunak. Iradokizunak, aholkuak eta eskaerak Tokiko Studioren sare sozialen zein Discord zerbitzariaren bidez partekatzeko eskatu du sortzaileak.

Horrela, biomen aniztasuna, botere eta ezaugarri gehiago, arerioak, buruzagi txikiak eta jarraipen sistema iraunkorra gehitzea da helburua, orain arte eratutako oinarriak txukunduta eta hedatuta; hots, une honetan bioma bakarra, bi etsai mota, hamabi hobekuntza eta amaierarik gabeko modalitatea ditu jokoak.

Edukien eta ezaugarrien artean euskararen presentzia nabarmentzekoa da: Schnellbach Game Erauntsiako elkarkidea izanik, euskal bideojokozaleen komunitatearekin batera bideojokoa euskaratuta kaleratzeko ardura hartu du.

Steam nahiz itch.io plataformetan estreinatu da erleak protagonistatzat dituen jokoa: beraiekin batera, erlauntza babestea izango da proposatuko zaigun helburu nagusia. Baliabideak biltzen eta inurri ilunengandik defendatzen ariko dira erleak.

Estrategia aipatuta, dorreen defentsa generoko mekanikak ere bereganatzen ditu jokoak. Loreen polena eskuratzen joan ahala, erleek hainbat hobekuntza berri jaso ditzakete, baita hauen ezaugarri orokorrak areagotu ere. Horrez gain, euskal mitologiako izaki desberdinek eskainitako botereak eta erasoak erabil ditzakegu gure etxea babesteko.

 

Ibilbide oparoa

Ubisoft eta Triskell Interactive taldeetan lan egindakoa da Schnellbach: besteak beste Assassin’s Creed Shadows edo OdysseyTom Clancy’s Ghost Recon Wildlands nahiz Pharaoh: A New Era tituluen garapenean parte hartu du.

Euskal Game Jam topaketan ere aritu zen sortzailea, Bizitzabaltzen jokoa sortuta: alegia, Kofoinen oinarria.