Erlauntza defendatzea proposatuko digu Louis Schnellbach garatzaileak tower defense mekanikak biltzen dituen estrategia tituluarekin. PCan kaleratuko du “laster”.

Tokiko Studiok Kofoin – Swarm Defense iragarri du. Talde euskaldunaren lehen titulua Steam plataformaren bidez ezagutzera eman da.

Ipar Euskal Herriko euskalkian erlauntz esan gura du kofoin hitzak, eta horixe bera izango da bideojokoaren protagonista. Erleak gidatu beharko ditugu erlauntza hazteko eta hau inurri ilunengandik defendatzeko. Estrategia eta dorreen defentsa generoak uztartuta, erleei aginduak emango dizkiegu baliabideak biltzeko zein etxea babesteko helburuarekin.

Loreen polena bilduta, hainbat hobekuntza eta eraikuntza berri desblokeatuko ditugu. Erleen ezaugarriak ere hobetuko dira: abiadura, indarra edo bizitza areagotzeko aukera eskainiko digute lore mota desberdinek, baina bizkorrak izan beharko gara, arerioen erasoak gupidagabeak izango baitira.

Ez da lan erraza izango, Gauekoren indarren aurka egin beharko baitute gure erleek. Eguzkiaren argia kontsumitzeko helburua dauka, eta erlauntza izango da, euskal mitologiako hainbat izakiren laguntzarekin batera, Gaueko geldiarazteko bide bakarra. Botere anitzak eskainiko dizkigute: arerioen ibilbidea oztopatzeko harriak jaurti ditzakegu, edo, zuzenean, eurak agertzen diren baseak suntsitu.

 

Erle euskaldunak

Kofoin guztiz euskaratuta estreinatuko du Tokiko Studiok. Louis Schnellbach garatzailea aurkitzen da jokoaren atzean: Game Erauntsia Elkarteko kidea da, eta aurretik Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldian parte hartu du Schnellbachek.

Garatzaile trebea, Ubisoft edo Triskell Interactive taldeetan lan egindakoa da, Assassin’s Creed Shadows edo Odyssey, Tom Clancy’s Ghost Recon Wildlands zein Pharaoh: A New Era tituluen garapenean parte hartuta.

Tokiko Studio 2021ean sortu ondoren, Euskal Game Jam ekimenean aritu zen Schnellbach, Anize Amestoy musikagilearekin batera Bizitzabaltzen jokoa sortuta: Kofoinen oinarria, hain zuzen ere.

Argitaratze data finkatu gabe geratu bada ere, Kofoin – Swarm Defense “laster” kaleratzeko asmoa dauka Tokiko Studiok. Aurretik, demoan lan egiten dabilela adierazi du Schnellbachek, eta jokoa Steameko desiratuen zerrendan gordetzera animatu ditu jarraitzaileak.