Xagu Studios talde donostiarrak sortutako Android eta iOS gailuetako jokoen sagaren seigarren atala da.
Live Cycling Managerrek txirrindularitza simulagailu sakona eskaintzen digu gailu mugikorretan. 2024ko eguneratzearekin are ezaugarri eta hobekuntza gehiago inplementatu dituzte Xagu Studios taldeko egileek; ez hori bakarrik, Donostian garatutako bideojokoa euskaraz goza dezakegu Android zein iOS sistema eragileetan.
“Behin betiko txirrindularitza kudeaketa jokoa” dela diote arduradunek. Hori horrela, halako tituluetan aurkitu ohi diren ohiko elementuak eta mekanikak ikusiko ditugu: gure taldea eratuko dugu, hasteko, bertatik langileak, finantzak, marketinga, eta, zelan ez, txirrindulariak zein hauek lehiatzen dituzten lasterketak eta txapelketak kudeatuko ditugu.
Menuz osatutako sistemarekin arduratuko gara aipatutakoak antolatzeaz. Lasterketetan, baina, gure kideei aginduak ematen ibiliko gara. Aldez aurretik burututako entrenamenduak ezinbestekoak izango dira garaipena eskuratzeko, beste 40 talderen aurka ariko baikara.
Urteko eguneraketarekin jokoaren interfazea hobetu, eta ezaugarri zein aukera gehiago inplementatu dituzte donostiarrek. Hiru dimentsiotan lehia daitezkeen lasterketak ere kalitate grafiko areagotuarekin biziko ditugu aurtengo bertsioan.
Esan bezala, Android eta iOS gailuetan joka dezakegunez, Play Store zein App Store saltokien bidez jaitsiko eta instalatuko dugu Live Cycling Manager 2024. Euskaraz jokatzeko, hizkuntzen menura jo beharko dugu.
Iruzkinak