MK sagako atal desberdinetako zortzi zirkuitu gaineratzeko asmoarekin datoz Harri eta Ilargi kopak.

Nintendo-koek Mario Kart 8 Deluxe arrakastatsurako DLC-en edukiak zehazten jarraitzen dute. Booster Course Pass espantsio erraldoiaren hirugarren eduki gehigarriaren data eta ekarriko dituen zirkuituak ezagutzera eman dituzte orain: abenduaren 7an iritsiko dira Nintendo Switch kontsolara.

Aurrekoekin egin modura, bi kopa berri gaineratuko dizkio MK8 Deluxen joka daitekeen kokalekuen eskaintza zabalari; hau da, guztira zortzi zirkuitu eraberritu ikusiko ditugu 2017an gailu hibridoan estreinatu zen bideojokoan. Hauek dira Harri eta Ilargi kopek ekarriko dituzten tokiak:

  • Harri Kopa
    • London Loop (Mario Kart Tour)
    • Boo Lake (Mario Kart Super Circuit)
    • Rock Rock Mountain (Mario Kart 7)
    • Maple Treeway (Mario Kart Wii)
  • Ilargi Kopa
    • Berlin Byways (Mario Kart Tour)
    • Peach Gardens (Mario Kart DS)
    • Merry Mountain (Mario Kart Tour)
    • Rainbow Road (Mario Kart 7)

Ikustekoa denez, oraingo honetan ez dugu zirkuitu guztiz berririk jasoko: guztiak aurreko ataletako lekuen berregiteak dira. Aurreko eduki sortan, adibidez, lasterka aritzeko gune berria gehitu zuten, Sky-High Sundae.

Are gehiago, gailu mugikorretarako Mario Kart Tour tituluan agertutako zirkuituak berregiten jarraitzen dute nagusiki: hauetarako erabilitako baliabideez baliatzen dira MK8 Deluxen inplementatzeko. Horrek zaleen aldetik kexak eragin ditu; izan ere, zortzigarren ataleko jatorrizko zirkuituak kalitate hobea erakusten zutela diote askok.

Horixe bera izan zen gure kexa Booster Course Passeko lehen edukiak aztertu genituenean: grafikoki eskasagoak izateaz gain, soinu banda ere kritikatu genuen. Ez hori bakarrik: antigrabitate guneak guztiz desagertu dira kokaleku hauetan, MK8ren mekanika nagusia, alegia.

Booster Course Pass otsailean iragarri ondoren, 1. eta 2. zirkuitu sortak argitaratu zituzten martxoan eta abuztuan. Hirugarrena ez da azkena izango, ezta pentsatu ere: oraindik beste hiru DLC geratzen dira, 24 zirkuitu beraz. 2023. urtea bukatu aurretik kaleratuko dituzte guztiak.

Espantsioa Mario Kart frankiziaren 30. urteurrena ospatzeko modua da: 1992ko abuztuaren 27an kaleratu zen SNES kontsolako lehen jokoa. MKren ibilbidea gogoratzeko erreportaje berezia idatzi genuen Game Erauntsian.

Momentuz, esan bezala, abenduaren 7an kaleratuko den Booster Course Passaren 3. DLCari itxaron beharko diogu.

 

Mario Kart 8 Deluxe, euskaraz

Ezin gaitezke ahaztu Game Erauntsiak aurten burututako lokalizazioaz: Mario Kart 8 Deluxe gure mintzairan jokatzeko aukera daukagu. Maiatzean argitaratutako itzulpenak lehen Booster Course Passeko edukiak barneratzen ditu; gure asmoa eduki berriak jasotzen joan ahala lokalizazioa eguneratzen joatea da.

Euskaratzea erabiltzeko fitxategiak eta hau inplementatzeko jarraitu beharreko pauso guztiak MK8 Deluxen itzulpen proiektuaren fitxan aurkituko dituzu. Euskaraz joka daitezkeen gainerako tituluak ezagutzeko, pasa zaitez gure euskarazko bideojokoen zerrendatik!