Ordenagailurako bertsioek berrikuntza eta hobekuntza ugari dakartzate: mod-ak, mekanikak zein aldaketa grafikoak ikusiko ditugu bi jokoetan.
Zaleek sortutako bideojoko klasikoen moldaketek eta portek indar betean dihardute. Pasa den astean Blue Dragon-en re:Blue proiektua argitaratu ondoren, egunotan Mario Kart Wiicompiled eta Donkey Kong 64 ReKONGpiled iritsi dira ordenagailuetara.
Lehenik, 2008. urtean Wii kontsolan estreinatutako lasterketa joko maitatuaren eraberritzea dugu. Birkonpilazio estatikoari esker, Mario Kart Wiiren PCko berezko bertsioa prestatu, eta askotariko berrikuntzak gehitzea lortu dute. Ohiko aldaketa grafikoez gozatzeko aukera dago —areagotutako bereizmenak, pantaila ratioak, fps mugagabeak…—, baina, horretaz gain, Retro Rewind modeko edukiak biltzen ditu, 200 zirkuitu gaineratuta.
Instalazio prozesua ohikoa baino korapilatsuagoa izan daiteke, zoritxarrez. Wheel Wizard deitutako tresna jaitsi beharko dugu, eta Mario Kart Wiiren ISO fitxategiarekin batera erabili: kasu hauetan ohikoa izaten den bezalaxe, porta sortzeko tresnak joko originala behar du baliabide guztiak —modeloak, testurak, soinuak…— eskuratzeko. Erremintaren menuetan azaltzen diren pausoak jarraitu beharko dira birkonpilazioa eratzeko.
Bigarrenik, DK64 ReKONGpiledek antzekoak egiten dituela ikus dezakegu, oraingoan 1999ko Rare estudioaren plataforma abentura oinarri hartuta. Egileek Nintendo 64 tituluaren efektuak eta soinuak mantendu dituztela aldarrikatzen dute, aldi berean fotograma tasa altuagoak eta denetariko pantailentzako euskarria inplementatuta. Berritasunak ez dira horietara mugatzen, ordea.
Karga denbora bizkorrak, murriztutako kontrolen atzerapenak (lag), areagotutako marrazte distantzia, akatsen eta bug-en zuzenketak edo, berriro, mod euskarria agintzen dituzte arduradunek. Mod hauen artean —hemen zerrendatzen dabiltza— askok eskertuko duten bat ikus daiteke: Tag Anywhere mekanika gehitzen duena, tximinoz edozein unetan aldatzeko aukera eskainita, eta jokoa nabarmen bizkortuta nahiz erraztuta.
Egileak harro agertu dira adimen artifiziala erabiltzeari uko egin diotelako; izan ere, azkenaldian argitaratutako proiektu ugari vibe coding bidez —hau da, AAren laguntzarekin— sortuta daudela ikusi izan dugu.
Aipatutako bi proiektuak PCrako soilik eskura daitezke, oraingoz behintzat; etorkizunean, are plataforma gehiagotara iristea espero dute zaleek. Bitartean, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Majora’s Mask nahiz Twilight Princess, Mario Kart 64 edo Banjo-Kazooie bezalako tituluen birkonpilazioak ere proba ditzakegu.
Lander Unzueta
Iruzkinak