Baionako Etxepare Lizeoko ikasleekin batera prestatu du lokalizazioa Game Erauntsiak. PC-ko bertsioa eralda daiteke.

2022. urtea bukatzeko euskaratutako bideojokoen sorta dator, ikus dezakezuen modura. Gaur aurkeztuko dugun itzulpena titulu txiki baina erakargarriarena da: estrategia ardatz duen Mini Metrorena, hain zuzen ere. Metro geltokiak modu errazean —baina erronkarian— kudeatzea proposatzen duen indie lana euskaratu dugu.

Lokalizazio lanerako, gainera, Baionako Etxepare Lizeoaren laguntza jaso dugu. Izan ere, Game Erauntsiak abiatutako Itzulpen Tailerren proba pilotua Lizeoko ikasleekin batera egin dugu. Mini Metro euskaratzeari ekin zioten, eta, bukatutakoan, Game Erauntsia arduratu da zuzentzeaz eta fitxategiak prestatzeaz.

Jokoa euskaratzeko jarraitu beharreko pausoak benetan errazak dira. Itzulpen proiektutik instalatzailea jaistea eta Mini Metro instalatuta daukagun ordenagailuan exekutatzea izango da eginbehar bakarra: “Mini Metro_Data” karpeta arakatzea baino ez digu eskatuko. Game Erauntsiatik Ibai Oihanguren bideojokozalea eskertu behar dugu jokoentzako instalatzaileak prestatzen irakasteagatik.

 

Puzzle sinple eta itxurosoak

Aipatu modura, munduko metro desberdinak diseinatzen eta antolatzen ariko gara Mini Metron. Lineak kudeatzea, trenak lortzea eta gure bidaiarentzat ahalik eta metrorik erosoena prestatzea izango dira helburu nagusiak. Mekanikak azaltzeko zailak, baina ulertzeko errazak dira: ez diogu guk, garatzaileek baizik.

Guztia, estetika minimalistarekin: koloreak eta formak izango dira nagusi bideojoko osoan; izan ere, Dinosaur Polo Club estudioko garatzaileak Harry Beck metro diseinatzailearen lanetan oinarritu dira jokoaren aurkezpena prestatzerakoan.

Itxura sinple horren atzean, baina, sekulako iritzi positiboak lortu dituen bideojokoa dago: Steam plataforman erabiltzaileen aldetik balorazio “guztiz positiboa” dauka, % 93,80koa, hain zuzen ere. Hau da, Steameko titulurik borobilenen artean dago. Ez da makala, 2015ean estreinatu zela kontuan hartuta.

Bideojoko lasaia dela esan daiteke; aldi berean, estres maila txikia ere eragin dezake partidaren arabera. Atzerapenak ekiditeko bideak pentsatu beharko ditugu hiria hazten doan bitartean! Zure esku dago ganorazko garraio publikoa diseinatzea.

Dinosaur Polo Cluben obrak lau modalitate nagusi ditu: normala, muturrekoa, bukaezina eta sormenezkoa. Ausazkotasuna da nagusi gehienetan, metroen hazkundea desberdina izango baita partida bakoitzean. Horiez gain, eguneko erronketan gainerako jokalarien aurka lehiatzeko aukera dago, kalifikaziorik onenen bila arituz.

Euskaratzeak, esan bezala, PCko bertsioetan bakarrik funtzionatzen du: Mini Metro SteamGOG eta Humble Store saltokietan aurki daiteke ordenagailuetan. Hala eta guztiz ere, bideojokoa kontsoletan zein gailu mugikorretan ere estreinatu da.