DigiPen Europe Bilbaoko laugarren urteko ikasleek sortutako akziozko plataforma jokoa da. Euskaraz eta doan estreinatuko dute.
Kutsu klasikodun akzio eta abenturazko proiektua argitaratzear daude Kaiju In The Bayou estudioko kideak. DigiPen Europe Bilbaoko ikasleek osatutako taldea Mirlo: Above The Sun bideo-jokoan lanean aritu dira azken ikasturtean.
Ikastetxeak 2020-2021 ikasturtean egindako lanak bildu ditu aurkezpen berezi batean. Horien artean nabarmendu du Beñat Morisset, Mateo Couso, Ander Najera, Mikel Sertutxa, Kerman Munitxa eta Oscar Sanchez programatzaileek Amaia Bonachera, Ibon Andollo, Iñigo Arrieta, Carlota Garcia eta Aintzane Arribas artistekin elkarlanean sortutako abentura.
Jokalariek Mirloren kontrola hartuko dute bertan: protagonistaren helburu nagusia piztiak salbatu eta bere aberria berreskuratzea izango da Solarean zibilizazioko erregimenak basoa erasotu eta animaliak harrapatu ondoren. Basapiztiak erabilita beraien hirietarako beharrezko energia lortzen dute arerio zitalek.
Mekanika sinple baina sakonak
Lau etsai mota desberdinen aurka egin beharko du Mirlok bere helburua lortzeko; horiek gainditzeko oinarrizko mugimendu sorta ezaguna edukiko du. Etsaiak jotzeaz gain oztopoak gainditzeko salto egin ahalko du protagonistak, baina dash mugimendua erabilita erasoak saihestu eta aldi bereak etsaiak amildegietatik behera botatzeko aukera izango du.
Atal grafiko koloretsu eta ederra izango du Mirlok: horretaz ikuspegi isometrikoarekin gozatuko dute jokalariek. Etsaien aurka egiteko arena edo borrokaleku desberdinen artean bidaiatuko beharko da; toki bakoitzak oztopo eta egitura desberdinak aurkeztuko ditu. Horren ondorioz mekanika sinpleak menperatzea ezinbestekoa izango da erronka berriei aurre egiteko.
Digipeneko ikasleek dagoeneko argitaratutako Astra eta Project Senko bezalako jokoekin gertatu modura, Mirlo: Above The Sun PCrako doan kaleratuko den abentura txikia izango da. Steametik zein Digipenen webgunetik eskuratu ahalko da bideo-jokoa; estudio euskaldunak jokoa guztiz euskaratuta kaleratzeko lana gauzatu du gainera.
Argitaratze data zehatza eman ez duten arren, datozen egunetan helduko da aipatutako plataformetara: maiatzean merkaturatuko dutela zehaztu dute trailerrean.
Iruzkinak