Ordenagailuetako bertsioa berritasunekin etor daiteke. Cokoon Games Lab talde nafarrak Nintendo Switch kontsolan kaleratu zuen iaz.
Iruñeako Cokoon Games Lab estudioak jakitera eman duenez, Narona Sports ordenagailuetara eramango dute. Steam plataformaren bidez estreinatuko da multikirolak eskaintzen dituen titulu multijokalaria PCan.
Argitaratze data, zoritxarrez, zehaztu gabe utzi dute: Valve-koen saltokian “laster” kaleratuko dutela baino ez dute aldarrikatu. Jatorrizko bertsioa pasa den urtean argitaratu zuten Switch kontsola hibridoan —une honetan eShop saltokitik desagertu dela dirudi—.
Narona Sportsek bost kirol proposatzen dizkigu: futbola, saskibaloia, boleibola, maiek jokatzen zuten pot-ta-pok modalitatea, eta, aukerarik interesgarriena, eskupilota.
Partidok bi dimentsioko planoan lehiatuko dira: atal estetiko koloretsuarekin nahiz alaiarekin, joko zelaian aurrera eta atzera ibiliko gara tantoak eskuratzen.
Jokalariek pertsonaia sorta zabalaren artean aukera dezakete: bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, batzuk bizkorragoak baina txikiagoak izanik, besteak garaiagoak baina geldoagoak diren bitartean. Guztira hamar bat protagonista ikusiko ditugu bideojokoan.
Multijokalaria da, zalantzarik gabe, jokoaren proposamenik dibertigarriena; izan ere, lau jokalarik elkarrekin joka dezakete zerrendatutako kirol guztietan. Modu horretara, talde berean edo bata bestearen aurka aritzeko bideak eskaintzen ditu Naronak.
PCko port-aren iragarpena egiteko irudian jokoarentzako azpititulu berria ageri da, Supernatural. Hori horrela, berritasunak ekarriko dituela pentsa daiteke: webgune ofizialean, besteak beste, errugbi baloia eta tenis pilota ageri dira, beraz kirol gehiago ikusiko ditugu ziurrenik.
Gainera, eraberritutako interfazea ere ageri da irudietan. Switcherako demoa ere eskainiko dutela aipatzen da web orrialdean, beraz Nintendo-ren kontsolarako bertsio berria ikus dezakegu agian.
Momentuz, ordea, berritasunok aipatu gabe utzi dituzte Iruñeako garatzaileek.
Nahiz eta ordenagailuko bertsioaren kaleratze eguna adierazi barik egon, beta bertsioan jokatzeko proposamena egin dute Cokoongoek.
Horretarako, bideojokoaren Discord zerbitzarian sartu, eta Cokoon Games Lab Steam bidez lagun modura gehituta Remote Play Together ezaugarriaren bidez antolatutako partidak abiatuko dituztela diote garatzaile nafarrek.
Eskupilotan, euskaraz!
PCko bertsioaren hizkuntzak zehaztu gabe dauden arren, Narona Sportsen jatorrizko bertsioa euskaraz kaleratu zutela gogoratu beharra dago; hori horrela, ordenagailuetan gauza bera ikusiko dugula suposatzekoa da.
Narona Sports, hortaz, PCra iritsiko da etorkizun hurbilean; esan bezala, Steam plataforman kaleratuko dute Cokoon Games Lab taldekoek.
Iruzkinak