Cokoon Games Lab nafarrek Switch-eko kirol bideojokoa eguneratuko dute PCan. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.
Narona Sports ordenagailuetarako prestatzen jarraitzen dute Cokoon Games Labeko kideek. Talde nafarrak uztailean iragarri zuen PCko Supernatural bertsioa; orain, Steam plataforman fitxa ofiziala argitaratu, eta euskaraz iritsiko dela baieztatu dute.
Ez da harritzekoa; izan ere, iaz garatzaile nafarrek Nintendo Switch kontsolan euskaraz estreinatutako bideojoko beraren eguneratutako bertsioa da. Azpititulu berriarekin kaleratuko da: Narona Sports Supernatural.
Jatorrizko bertsioan bost kiroletan jokatzeko aukera eskaintzen ziguten. Futbola, saskibaloia, boleibola, maiek jokatzen zuten ulama, eta, etxetik, eskupilota proposatzen zituen Narona Sportsek. Supernatural eguneratzeak bi kirol gehituko dizkio: tenisa eta futbol amerikarra.
Bi dimentsioko estetikarekin eta jokagarritasunarekin, araurik gabeko estilo askeko partiduak lehiatuko ditugu Naronan —tira, kirol bakoitzaren oinarrizko arauak jarraituko ditugu—. Saltoka, lasterka eta ausaz eratutako zelaietan agertzen diren baliabideak aprobetxatuz ariko gara norgehiagoketan.
Hamar pertsonaia nagusiren artean hauta dezakegu: bost neska eta bost mutil izango dira tituluko protagonistak. Bakoitzak berezko ezaugarriak edukiko ditu: abiadura, indar eta jauzi desberdinak dauzkate. Gainera, hauen itxura aldatzen joateko jantziak desblokatzen joango gara partidak jokatu ahala.
Onena, nola ez, multijokalari atala izango da; horrela, lau pertsonentzako tokiko multijokalariaz goza dezakegu estudio iruindarraren jokoan.
PCrako bertsio berria prestatzeaz gain, Switcheko joko originala ere eguneratuko dute. Narona Sports Supernaturalek ez dauka argitaratze datarik oraindik; hala ere, jokoa merkaturatu aurretik doako demoa eskainiko dutela agindu dute Cokoonekoek.
Iruzkinak