40 minutuko iraupena edukiko du. Switch 2 kontsolaren zurrumurruak indarra hartzen dabiltza.
Tokyo Game Show azoka hurbiltzen ari da, eta, ohi bezala, zaleak Nintendokoen aurkezpena baieztatzeko zain egon dira. Kiotokoek ez dute hutsik egingo: biharko Direct zuzenekoa agindu dute. Switch kontsolan urte bukaeran estreinatuko diren bideojokoak aurkeztuko dituzte emanaldian.
Betiko egitura jarraituko dute N handiekoek. 16:00etan hasiko da bideoa, eta 40 minutukoa izango da. Nintendoren YouTube kate desberdinetatik jarrai dezakegu.
Ekainean egindako Directean ikusitako bideojoko batzuk errepikatzea aurreikusten da: Luigi’s Mansion: Dark Moon bermasterizazioa, Batman Arkham Trilogy, WarioWare: Move It, Detective Pikachu Returns, Pokémon Scarlet eta Violet bikotearen espantsioak edo Peach printzesaren abentura berria erakutsiko dituzte ziurrenik.
Abuztu bukaeran beste Direct bat jaso genuen: Super Mario Bros. Wonder-ena. Iturginaren hurrengo 2D abenturaren xehetasun guztiak eskaini zituzten bertan, beraz bihar agertzea espero den arren, ziur asko ez diote denbora handirik eskainiko.
Halere, azken egunotan sareetatik bueltaka ibili den zurrumurru handiaren inguruan mintzatuko ote diren da zalantza nagusia. Hainbat agerkarik adierazi dutenez, Gamescom azokan Nintendo Switch 2 kontsola erakutsi zieten garatzaileei aurkezpen pribatuan. Ofizialki iragartzeko unea al da?
Kontsola eta jokoak erdi prest badituzte, une aproposa da. Esan bezala, Tokyo Game Showaren aterpean egindako aurkezpena izango da biharkoa, eta E3a bezalako erraldoiak galduta dabiltzanez, momentu ezin hobea izango litzateke japoniarrentzat.
Bestelako ohiko zurrumurruak ere entzuten gabiltza egunotan. F-Zero GX maitatuaren bermasterizazioan lanean dabiltzala diote batzuek; Hollow Knight: Silksong agertu behar dela besteek; The Legend of Zelda zaharren bermasterizazioak dira azken urteetan gehien entzundakoak; bukatzeko, ezin gara Metroid Prime 4z ahaztu.
Bihar argituko dira zalantza guztiak. Esan bezala, Nintendo Directa 16:00etan hasiko da.
Iruzkinak