Kiotokoak 2022rako 4K bereizmenera jokatzeko kontsola hibridoa prestatzen ari direla adierazi du Bloomberg agerkariak.
Nintendo Switcharen OLED bertsioa iragarri zenean Pro modelo baten zurrumurru guztiak etengo zirela pentsa zezakeen, baina ez da horrela. Bertsio berria estreinatzeko astebete falta dela Nintendokoak beste modelo batean lanean ari direla adierazten jarraitzen dute iturri desberdinek, eta Kiotokoak hori gezurtatzera atera dira.
Beste batez, Bloomberg agerkaria izan da zurrumurruak zabaldu dituena. Takashi Mochizuki kazetariak aurretik ere hitz egin du kontsola hibridoaren etorkizunari buruz, baina atzo argitaratutako artikuluan gutxienez 11 garatzailek Switcherako 4K bereizmeneko jokoak prestatzeko garapen kitak dituztela adierazi du. Talde hauen artean “enpresa handiak” edo Zynga bezalako garatzaileak daude.
Mochizukik Nintendoren hardware departamentuko iturriekin harremana duela azaltzen du testuan, eta hauen arabera orain gutxira arte N Handia 4K bertsio horretan lanean egon da. Halere, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera bereziaren ondorioz sortutako pieza eta osagaien eskasiak plan horiek aldatzera eraman dituzte.
Adierazpen hauen aurrean Nintendokoek ohituta ez dauden zerbait egin dute berriz: erantzuna eman. Twitterretik zabaldutako txioan aldarrikatu dutenez, “irailaren 30ean argitaratutako berri batek 4K euskarridun Nintendo Switcharentzako garapen tresnak banatzen ari direla dio informazio okerra zabalduta”. Argiak izan dira: “gure inbertitzaileek eta erosleek argi uler dezaten, txosten honetako informazioa gezurra da“.
Bloombergekoek ere erantzun diote txioari, Nintendokoak “artikuluan oker dauden datuak zeintzuk diren zehazteko ezezkoa eman dutela” adierazita. Zynga enpresako arduradunek, berriz, Switcherako 4K garapen kitik ez daukatela azaldu dute. Uztailean antzeko adierazpenak egin zituen Mochizukik, eta Nintendo ez dago pozik hauekin.
OLED bertsioa da beraz momentuz Nintendok prestatutako modelo bakarra. Urriaren 8an merkaturatuko dute zazpi hazbeteko pantailadun kontsola, Metroid Dread desiratuarekin batera. Aurretik baina, kontsolaren berritasun guztiak erakusteko bideoa prestatu dute Kiotokoek.
Jatorrizko kontsolarako aldaketak ere iragarri dituzte OLED modeloaren etorrerarako prestatzeko. Prezio aldaketa jaso du modelo originalak: 299 eurotara saltzen dute orain Nintendokoek.
Iruzkinak