Hazi Digitala taldeak nabigatzailean debalde jokatzeko titulua argitaratu du euskaraz. Atalka banatuta dago: lehenengoan joka daiteke dagoeneko.

Euskal Herriko kondairetatik ezagutzen ditugun pertsonaiak eta istorioak abentura emozionalarekin uztartzen dituen bideojokoa aurkeztu du Hazi Digitala estudioak: Nire Argigunea.

“Euskarazko lehen abentura emozional interaktiboa” dela aldarrikatzen du hiru kidez osatutako taldeak. Familia guztiari zuzendutako titulua da Nire Argigunea; horrela, etxeko txikienek gurasoekin eta senideekin elkarlanean gozatzeko eta gainditzeko abentura dela dio Eneko Amezaga arduradunak.

Baso magikoan oreka berrezartzera eramango gaitu obra koloretsuak: hodei maltzur batek bazterrak nahastu ondoren, gure emozioez zein hontz jakintsu eta flauta magiko baten laguntzaz baliatu beharko gara erronkak gainditzeko eta aurrera egiteko.

“Emozioen kudeaketa, lankidetza eta irudimena sustatzea” ditu helburu proiektuak; aldi berean, “euskarazko bideojokoen eskaintza aberastea” bilatzen du Hazi Digitalak. The Legend of Zelda edo Banjo-Kazooie bezalako klasikoetako elementuak hartu dituzte garatzaileek mekanikak zein mundua eratzerako orduan.

Durangoko Azokan antolatutako Gamer Gelan eduki genuen Nire Argigunea probatzeko aukera. Haurrek eta gaztetxoek gozatzeaz gain, Amezagak bideojokoaren proposamena aurkezteko aprobetxatu zuen Kabi@ guneak abiatutako Bideojoko sortzaileak atalean.

Nire Argigunea guztiz doakoa da. Ez hori bakarrik, nabigatzaile bidez jokatzeko aukera daukagu, ezer instalatu edo jaitsi gabe. Esteka honetan aurkituko dugu bideojokoa.

Titulua ez dago osorik, ordea, estreinatutakoa lehen atala baita: jokoa atalka kaleratuko dute egile euskaldunek. “Lehen kapitulu hau hasiera baino ez da”, diote. “Datozen hilabeteetan Nire Argigunea bideojokoaren kapitulu berriak argitaratuko dira, istorioa zabaltzeko eta pertsonaia berriak ezagutzeko aukera eskainiz”.