Arkade jostagarritasuna daukan erreferentziaz betetako abentura koloretsua eratu dute Bilboko Jokoga Interactive estudioak eta Harrobia Ikastolako ikasleek.

Ustekabean bideo-joko euskaldun berria heldu da guregana: Jokoga Interactive estudio bilbotarrak, Harrobia Ikastolarekin elkarlanean, Nuclear Corps koloretsua kaleratu du gaur bertan PlayStation 5 zein PlayStation 4 kontsoletan euskara hutsean.

Arduradunen hitzetan, “90eko hamarkadako arkade jokoek eskaintzen zuten erronketara hurbiltzen den abentura” da Nuclear Corps. Izan ere, erritmo bizi eta zirraragarria dauka bideo-jokoak.

Bertan hiru pertsonai nagusiren kontrola hartuko dute jokalariek, bakoitza beren abilezia propioekin; Lola bizkor mugitu daiteke, eta horrez gain toki garaietara iristeko aukera dauka bere gantxoari esker; Dordok-en ezkutu (edo oskol) magikoak adiskideak babesteko balio du, baina etsaiak eraso bereziekin akatzeko ahalmena dauka; Smartie zientzialari argiak, azkenik, arerio mutanteak geldiarazteko asmakizuna dauka.

 

Kultura japoniarra omenduz

Jokoga Interactiveko kideek Japoniara bidaiatu zutenean bururatutako proiektua da Nuclear Corps. Are gehiago, Fukushiman 2011. urtean gertatutako hondamendiaren inguruko eztabaida eta hausnarketa piztu nahi dute jokoarekin.

“Japonian egonda, lurrikara bat eta tifoi bat bizi genituen. Bertako biztanleriak oso gertu zuen Fukushiman gertatutako hondamendia, eta momentuan zentral nuklear guztiak itxita zeuden. Baina nuklearrak berriro zabaltzearen aldekoa zen gobernu berria sartzear zegoen, eta honen inguruko eztabaida pil-pilean zegoen”, dio Josu Kobelo Jokoga Interactiveko arduradun nagusiak.

Hori horrela, eztabaida hori mahaigaineratzeko ekin zioten jokoa garatzeari, “energia nuklearraren arriskuak gogoratzeko”.

Ez dira, baina, Japoniako bidaitik ateratako ondorio bakarrak; izan ere, Japoniar kulturari garrantzia handia eskaini diote garatzaileek: “Guretzat Japoniar kultura erreferente bat da manga, anime zein bideo-jokoen inguruan”.

Bideo-jokoen zein manganimearen munduko zaleek Dragoi Bolako, Studio Ghibli-ko zein Mega Man-eko pertsonaiak antzemango dituzte Nuclear Corpseko hiru heroiak ikusita. “90eko hamarkadara itzultzeko aukera ematen ziguten, Fukushimara hurbiltzen ziguten… pentsatzen baduzue, zentzu handia dauka aukeraketa hori egitea”.

 

Harrobiarekin zein PlayStationekin elkarlanean

Jokoga Interactivekoek 2013tik daramate bideo-jokoak sortzen. Erakundeentzat zein bestelako bezeroentzat egindako proiektuak prestatu dituzte nagusiki, baina obra propioak ere sortu dituzte: horren adibide da Arctic Melting Down. Bideo-joko propioak garatzen jarraitzeko aukera Harrobia Ikastolarekin lan akordioa sinatzerakoan sortu zitzaien: Nuclear Corps “Jokogak bultzatutako eta Harrobiako ikasleez garatutako lehenengo bideo-jokoa” da.

Kobelok azpimarratzen duenez, proiektu hau “beti izan dute buruan”. Hiru urte garatzen eman ondoren, Harrobiari esker bakarrik ez, PlayStation Talents ekimenarekin burututako elkarlanari esker kaleratu dute. Modu horretara, Harrobiako ikasleek PS5eko eta PS4ko garapen kit-ak eskuratu dituzte, kontsola hauetarako jokoak sortzea posible bilakatuta. Garapena luzea izan den arren, zaila izan dela nabarmentzen dute garatzaileek.

Kaleratzerakoan PlayStation kontsoletarako esklusiboa izango da, PlayStation Talents baitan merkaturatutako beste hainbat bideo-joko bezala. Hala ere, etorkizunean PC-rako zein Nintendo Switch-erako prestatzeko asmoa agertu dute Jokogakoek.

Esan bezala, PS Talentseko beste hainbat garatzaile euskaldunek egin bezala proiektua guztiz euskaratuta argitaratu da. Jokoga Interactivek joko propioak euskaraz kaleratzeko ahalegina egiten duela nabarmendu du Kobelok: “Euskararen kasua berezia da, merkatu euskalduna txikia delako; baina, gure kulturari ekarpena egitea beharrezkoa dela uste dugu. Sortzaile bezala euskara beti izango da hemen guretzat”.  

PlayStationekoek sustatutako joko euskaldunen artean daude rBorn Games-ekoen The Five Covens, MainLoop Games-ekoek aurten kaleratutako Itadaki Smash zein aspaldiko Submersed, Kaia Studios-en doako Dynasty Feud edota Bilboko Crevice Games estudioaren Waves Out! abentura dibertigarria.

Hauek eta askoz gehiago bildu ditu Game Erauntsiak euskarazko bideo-jokoen zerrendan.

Nuclear Corps PlayStation Store-an eskuratu daiteke PS5erako nahiz PS4rako.