Moonatic Studios garatzailea Nexxyo Labs eta Catness Games enpresekin batu da bere lehen bideojokoa aurrera eramateko. Euskaraz estreinatuko da “plataforma guztietan”.

Moonatic Studioseko kideek euren lehen bideojokoaren trailer berria aurkeztera eman dute: One Last Breathek inoiz baino itxura hobea dauka azken jostagarritasun bideoan.

Hainbat hilabetez isilik egon ondoren kaleratu dute bideoa; izan ere, proiektua PlayStation Talents Games Camp egitasmoaren baitan garatzen hasi ziren nafartarrak. Talentsetik bereizteko erabakia iragarri zuten pasa den astean, “hartutako obligazioen betetzean desadostasunak” medio. Horiei buruz hitz egin zuten Anait Games agerkariarekin.

Hala eta guztiz ere, One Last Breathekin aurrera doazela jakitera eman zuten. Are gehiago, bidelagun berriak aurkitu dituztela baieztatu dute orain: proiektua kaleratzeko Nexxyo Labs iruindarrarekin eta Catness Games espainiarrarekin bat egin dute.

Berritasun gehiago eskaini dituzte, gainera. Hasiera batean PlayStation kontsoletarako eta PC-rako iragarritako titulua “plataforma guztietan” merkaturatuko dutela nabarmendu dute Moonaticekoek; hau da, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetara iritsiko da; besteak beste, dagoeneko Steam plataforman orrialde propioa dauka. Bideojokoa euskara hutsean argitaratuko dela gogoratu beharra dago.

One Last Breathen Gaia izakiaren kontrola hartuko dugu natura eta bizitza salbatzeko helburuarekin. Puzzleak eta plataformak izango dira nagusi abenturan, baina borrokak ere ikusiko ditugu. 2.5 dimentsioko atal grafikoarekin, Inside eta Limbo bezalako jokoak hartu dituzte oinarritzat euskal garatzaileek. Erroak kontrolatuta edota lianak sortuta era desberdinetako puzzleak gainditu beharko ditugu, arerioengandik ihes eginez bizia hedatu ahal izateko.

Moonaticeko Eneko Zubiaurre garatzailea elkarrizketatu genuen beren lehen bideojoko honen harira Naiz Irratiaren azken Game Erauntsia irratsaioan:

Argitaratze data, baina, oraindik zehaztu gabe utzi dute: 2022an ikusiko dugu, hori bai, abentura eder eta berezi hau. Esan bezala, One Last Breath plataforma guztietan kaleratuko da.