Basajaun Games talde bilbotarra ChumasGames-ekin elkartu da iaz kaleratutako indie jokoa ofizialki lokalizatzeko: Steam plataforman aurkituko dugu gure mintzairan.

Panik euskara gehitzeko eguneratu da. Jokoteknia jardunaldien baitan antolatutako euskal bideojokogileen azokan aditzera eman zen ChumasGames estudioaren puzzle bideojokoa gure hizkuntzan joka daitekeela ordenagailuetan.

Bilboko Basajaun Games taldeari esker goza dezakegu euskaratutako bertsioaz: Chumasekoekin elkarlana abiatu dute, iaz estreinatutako titulua ofizialki itzultzeko. Steam bidez eskura dezakegu Panik: hori eginda, hizkuntzen menua aurkituko dugu gurea.

Paniker izeneko pertsonaia bitxiak helmugarantz gidatzea proposatzen zaie jokalariei indie abentura honetan. Erraz batean kikiltzen dira, ordea: hauek baretzeko bidea aurkitu beharko dugu, bakoitzaren mugimendu kopurua kalkulatuta.

Lauki sarez osatutako mapetan zehar mugituko ditugu izakitxoak, bederatzi mundutan banandutako 170 maila baino gehiagotan zehar. Azken helburua helmuga laukiak panikerrekin betetzea izango da; horretarako, mugimendu bakoitza ondo pentsatu beharko da, paniker mota bakoitzak —hamabost bat daude guztira!— bere berezitasunak baititu.

Tutorialak eta hizketaldiak euskaraz aurkituko ditugu; are garrantzitsuagoak dira, baina, maila desberdinen izenburuak, aurrera egiteko aztarnak eskaintzen baitituzte. Hanka sartuz gero, lasai egon, mugimendu bat atzera egiteko edo azkar batean maila berrabiarazteko aukerak baitaude.

2025eko indie jokorik esanguratsuenetakoa izan da Panik: Steamen balorazio baikorrak ditu, edonorentzako aproposa den obra dibertigarria izanik.

 

Basajaun, sortzen eta itzultzen

Azken urteotan Basajaun Gamesekoak bideojokoak euskaratzen aritu badira ere —beraienak dira Amaiera tragikoen antzokia, a pet shop after dark, Ciao Nonna, Her tears were my light tituluen itzulpenak—, proiektu handia prestatzen ere aritu direla jakin genuen larunbatean ospatutako Jokoteknian.

Kirol: Abernuko erregearen eragina izeneko JRPG ikusgarria prestatzen dabiltza Gabriel Fiallegas garatzaileak gidatutako taldeak. Txandakako borrokak, RPG elementuak, K-Pop musika, kirolak eta euskara batzeko asmoarekin datorren titulu koloretsua izango da.