PC Gamer agerkariak antolatutako ekimena zortzigarrenez egingo da aurten, oraingoan E3 azokaren aterperik gabe.

Udako aurkezpen handienen baieztapenekin jarraitzen dugu, zorionez, E3 azoka bertan behera geratu ondoren. Oraingoan ordenagailuko tituluei zuzendutako PC Gaming Show egitasmoaren txanda izan da: ekainaren 12an eskainiko dute Twitch zein Youtube bidez.

21:30ean hasiko du PC Gamer agerkariak urteko bere ekimen nagusia. Iragarpena egiterakoan idatzitako albistean hainbat garatzaile eta estudio egongo direla aurreratu dute: 11 bit studios eta Klei Entertainment, adibidez, euren obra berriak aurkeztera hurreratuko dira.

Horiez gain Arma 4, Warhammer 40K: Space Marine 2 edo Immortality bezalako lanak agertuko dira egitasmoan. Joko taktikoen presentzia ere azpimarratu dute, besteak beste, beraz txandakako estrategia proiektuak ere ikusiko ditugula suposa daiteke.

PC Gaming Showa egiten den zortzigarren urtea izango dela nabarmendu dute PC Gamerrekoek; etenik egin gabe aurrera jarraitu dute koronabirusaren pandemiak nahiz E3aren desagerrarazteak oztopoak sortu arren.

Egun berean Microsoft-ekoen txanda ere izango da, gainera: Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpen handia programatu dute ekainaren 12rako. Aste horretan Summer Game Fest zein Wholesome Direct aurkezpenak ere ikusiko ditugu. Nintendo-ren baieztatzearen faltan, EA-k dagoeneko bere Play Live 2022ari agur esan dio.