Gailu eramangarrien merkatuan Nintendo-ren aurka egiteko asmoa daukate. Sony Interactive Entertainment-etik erantzuteari ukatu diote.

Sony kontsola eramangarri berria prestatzen ariko litzateke. Hori jakinarazi du Bloomberg agerkariak: PlayStation 5aren jokoak mugitzeko gai den gailu eramangarria aipatzen dute Takashi Mochizuki kazetariaren iturriek.

Urrun geratzen da oraindik, halere: artikuluaren arabera, urteak itxaron beharko ditugu eskuko PS5 kontsola ikusteko, eta, nola ez, Sony Interactive Entertainmentetik atzera egin dezakete. Hala eta guztiz ere, PlayStation Portal streaming gailu eramangarriaren arrakastak jokoak natiboki mugitzeko gai den kontsola indartsuagoa sortzera animatu dituela dirudi.

Bloombergetik PlayStationekin harremanetan jartzen saiatu dira, baina, gaiaren inguruan galdetzerakoan, erantzuteari ukatu diote.

PlayStation Portal alboratuta, 2011. urtean merkaturatutako PS Vita izan da Sonykoen azken eramangarria. Ez zituzten esperotako salmenta aurreikuspenak bete, PSP aurrekariaren atzetik geratuz. Ez da harritzekoa, PlayStation Portable-a 11. kontsolarik salduena baita.

 

Nintendo, PlayStation, PC… eta Xbox

Sonytik aurrera egitea erabakitzen badute, kontsola eramangarrien gerra berria piztear da. Mochizukiren artikuluan adierazten denez, PlayStationekoek Nintendoren aurka egin gura dute zuzenean, merkatu berean sartuta.

Ez dira bakarrak izango: joan den astean Phil Spencer Xbox-eko arduradun nagusiak Microsoft ere gailu eramangarria prestatzen ari dela aitortu zuen egunkari berari egindako elkarrizketan, baina hau ikusteko ere “urteak” faltako lirateke, dena ondo badoa, behintzat.

PCaren esparruan eskuko gailuek jasandako eztanda ahaztezina da, baita. Steam Deck hardwarea da ezagunena, baina Asus ROG Ally, Lenovo GO edo Win GPD PC/kontsola eramangarriak ere indarra hartzen dabiltza.