“Oregon” ezkutuko izenarekin filtratu da Valve-koen datu basean. PlayStation Studios-eko are joko gehiago ordenagailuetara eramango dituztela agindu zuten japoniarrek.

PlayStationek PC-ra eramango duen hurrengo jokoa zein izango den filtratu dela dirudi. SteamDB webguneak jakitera eman duenez, PlayStation 5-eko azken esklusiboa izango da: Housemarque estudioaren Returnal bikaina.

Iragarpen ofizialaren zain jarraitu beharko dugu, baina datu basean batutako informazioaren arabera —etiketei eta informazio orokorrari begiratu diote— “Oregon” ezkutuko izena duen 1649240 aplikazioa izango litzateke Returnal. “Emakumezko protagonista”, “roguelike”, “bullet hell” “sci-fi” eta bestelako etiketekin, zalantza gutxi daude.

Selene izango da Returnaleko protagonista: planeta ezezagun batean lurreratu ostean, bertan bizi zen antzinako zibilizazio baten aztarnak bilatu beharko ditu ihes egiteko. Estralurtarrekin eta munstroekin topo egingo du, ordea: hiltzea ohikoa izango da, baina berriz itzuliko da Selene aurrera egiteko asmoarekin. Roguelike mekanikak istorio sakonarekin batzen ditu bideojokoak. Orain hilabete batzuk PS5ean jasotako Ascension doako espantsioarekin joko kooperatiboa eta ausazko desafioak jaso zituen lan sarituak.

Are gehiago, orain arte benetan fidagarria egin izan den Nvidia GeForce-ren filtrazio handiko fitxategietan agertzen zen Housemarquen lanaren ordenagailuetako bertsioa. Berarekin batera PlayStationeko beste hainbat titulu zebiltzan: SteamDBn agertutako Sackboy: A Big Adventure nahiz Ghost of Tsushima bikainak ere PCra iritsiko direla adierazten zuen txostenak.

Ez zen harritzekoa izango: atzo bertan idatzi genuen albistean Jim Ryan SIEko buruak PlayStationek PCra zabaltzen jarraituko duela aipatu zuela nabarmentzen genuen. Izan ere, plataformako honetako PS Studiosekoen jokoen salmentek gora egiten jarraitzen dute: 2022an etekinak 300 milioi dolarretakoak izatea espero dute Sonykoek.

Urtarrilean God of War ikaragarria jaso zuten ordenagailuko jokalariek, eta aste batzuk barru Uncharted: Legacy of Thieves Collection estreinatuko da. Oregon hau Returnal dela baieztatu arte ezingo dugu jakin noiz kaleratuko den Steamen —baita Epic Games Store-an ere, suposatzen dugunez—.