Lehen jokoa dagoeneko eros eta joka dezakegu CD Projekt RED taldearen plataforman. Hainbat hobekuntza prestatu dituzte beldurrezko sagaren joko klasikoetarako.
Capcom taldeak Resident Evil 1, Resident Evil 2 eta Resident Evil 3: Nemesis GOG plataformara eramango dituela iragarri du.
Beldurrezko klasikoetan egungo plataformetan jokatzeko bideak urriak dira, eta zaleek aspalditik eskatzen zuten originalen berrargitalpena. Lanean jarrita, lehen jokoa dagoeneko argitaratu dute japoniarrek: 1996ko titulua erosteko eta jaisteko aukera daukagu GOGen.
Windows 10 eta 11 bertsioetarako euskarriarekin batera, hainbat hobekuntza dakartza GOGekin elkarlanean prestatutako port honek: DirectX bidezko errenderizazio aukera eraberrituak, aginte modernoentzako euskarria, hobetutako bideoak eta gehiago agintzen dituzte egileek.
RE2 eta RE3 urtea bukatu aurretik argitaratzeko asmoa agertu dute, gainera. Hauek ere antzeko hobekuntzekin etorriko direla suposa dezakegu. Hiru jokoak elkarrekin erosteko bilduma aurkituko dugu saltokian: 25 eurotan trilogia originala lor dezakegu.
Capcomek eta GOGek indarrak batu dituztenez, ziurrena da eguneratutako RE hauek ez ditugula GOGetik kanpo ikusiko. Gauza bera gertatu zen, esate baterako, orain urte batzuk Konami-rekin Metal Gear Solid originalak berriztatzeko egindako lanarekin.
Zaleak ere, originalak txukuntzen eta hobetzen
Zoritxarrez, berandu datozela esan daiteke. PCko bertsioak modu ofizialean erosteko biderik gabe egon gara urte luzez, eta, abandonware kategorian sartu diren heinean, zaleek ez dute arazorik izan joko originalak hobetzeko bideak prestatzeko, baita hauek bilduma interesgarrietan kaleratzeko, inolako oztoporik gabe, proiektu desberdinen webguneetan.
BioRand adibide ezagunena da: randomizer —ausazkotasuna eta birjokagarritasuna ardatz dituzten proiektu hauen erreportaje berezia idatzi genuen aspaldi— proiektuaren webgunean lehen hiru jokoak hobekuntza grafikoekin, egungo ordenagailuentzako zein aginteentzako euskarriarekin, randomizer aukerekin eta beste hainbat ezaugarrirekin batzen dituen fardela deskarga daiteke.
Noski, originalak berrargitaratu dituztenez, bilduma hori kendu beharko dutela pentsa dezakegu.
Iruzkinak