DigiPen Europe Bilbaoko Team Cactus ikasle taldeak beren lehen lana doan argitaratu berri du Steam plataforman.
Ikasturtea bukatzear dago, eta DigiPen Europe Bilbao zentroko laugarren mailako ikasleak beren proiektuak kaleratzen hasi dira. Ohi bezala, euskara joka daitezkeen lanak ikusten gabiltza: hori da autoz betetako mundua eskaintzen duen Shadow Racer interesgarriaren kasua.
Team Cactus estudioa osatzen duen ikasle taldeak PC-an kaleratu du lehen titulu hau; zehazki, Steam bidez eskura daiteke. DigiPeneko ikasleen gainerako lanekin gertatu modura, doan jokatzeko aukera eskaintzen dute Shadow Racerren arduradunek.
“Hirugarren pertsonako gidatze abentura” dela azaltzen dute Cactusekoek. Bertan, Shadow Rider deitutako autoa gidatzeari ekingo diogu: erresistentziak inperioaren iluntasunari aurre egiteko bereziki eraikitako ibilgailua da kotxe txiki eta xelebrea. Arroila Handiko gune desberdinak esploratu, adiskideei laguntza eskaini, puzzle txikiak gainditu eta auto ilunak garaitu beharko ditugu abentura honetan.
Gidatzeaz gain lau mekanika nagusi eratu dituzte garatzaileek: derrapatzea, turboa, distiratzea eta jotzea. Modu horretara, tentsioz betetako borroketan ariko gara arerioen aurka. Euskaraz jokatzeko ez dugu ezer berezirik egin beharko: jokoaren menu nagusian hizkuntzen atalean aurkituko dugu gurea.
Aitor Aginaga, Ibai Abaunza, Miguel Etxeberria, Pablo Riesco, Iker Rodrigo eta Diego Sanz sortzaileek osatutako taldea da Cactus Team. Ez da lehen proiektu berezi hori euskaraz kaleratzera animatu diren lehenak DigiPenen: aurretik Kaiju In The Bayou, Forgotten Journey, Quest 4 Papa: Reloaded eta Astra bezalako joko txiki zein bereziak ikusi izan ditugu gure mintzairan.
Shadow Racer zein beste hainbat gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke.
Iruzkinak