Triku urdinaren animazio saioaren lehen bi denboraldiak ere gure hizkuntzan ikus ditzakegu.
Sonic trikuaren zale euskaldunek pozik egoteko arrazoiak dituzte. Netflixek Sonic Prime animazio telesailaren hirugarren denboraldia estreinatu du, eta euskaraz goza dezakegu: atal guztiak euskal bikoizketarekin entzun daitezke.
Albistea Pantailak Euskaraz herri ekimenaren eskutik iritsi zaigu: beraiek iragarri dute euskal bikoizketa sarean.
Multibertsoak, kaos esmeraldak, Sonic, Tails, Knuckles, Shadow, Amy, Robotnik edo Rouge protagonisten bertsio alternatiboak eta borroka ikaragarriak proposatzen ditu Primek. Hirugarrena orain arteko denboraldirik motzena da: zazpi ataletan banatuta dago.
Denboraldia euskaraz estreinatu da, baina lehena zein bigarrena ere gure mintzairan entzun ditzakegu. Josu Diaz, Iker Diaz, Andrea Sanz, Txema Regalado, Esti Lizarraga, Maribel Legarreta, Jon Goirizelaia eta Josu Mitxelena bizkoizlariek parte hartu dute ekoizpenean.
Segak enpresa japoniarrak Netflixekin elkarlanean abiatu zuen telesaila, triku urdinaren 30. urteurrena ospatzeko asmoarekin.
Sonicek, bitartean, indar betean jarraitzen du. Orain hilabete batzuk Sonic Superstars eta Sonic Dream Team jaso genituen, esaterako. Ezin gara filmez ahaztu: Sonic the Hedgehog 3 abenduan zinemetan estreinatzea aurreikusten da.
Bihar, gainera, berritasunak espero ditugu: zurrumurruen arabera, State of Play aurkezpenean Sonic Generations klasikoaren bertsio eraberritua ikusiko dugu.
Iruzkinak