Bideojokoen aldetik, azken urte fiskalean 303 milioi saldu dituzte PS5-eko eta PS4-ko tituluak kontuan hartuta. PS Plus-eko harpidedun kopurua jaitsi egin da.
Sonykoek 2021eko zerga urteko salmenta datuak ezagutzera eman dituzte, Nintendo-koek egin bezala. Bertan bideojokoen esparruko hardware eta software zifrak aurki daitezke; eskainitako datuen artean, PlayStation 5 kontsolaren salmentak dira nabarmentzekoak. Izan ere, guztira 19,3 milioi gailu saldu dituzte japoniarrek 2020ko azarotik 2022ko martxora arte.
Zehazki, azken urte fiskalean 11,5 milioi PS5 banatu dituzte; urteko azken hiruhilabetera mugatuz, 2 milioiko salmentak lortu dituzte. 2020ko zerga urteko tarte bera kontuan hartuz gero jaitsiera nabarmena izan dute: 3,3 milioi kontsola saldu zituzten epe hartan.
Azken hilabete luzeotan horrenbeste aipatu den erdieroaleen eta osagarrien krisiak eraginda, PS5ak ezin izan du PS4aren erritmoa jarraitu: laugarren kontsolak 22,4 milioi gailu banatu zituen nazioartean merkatuan zeraman epe berean. Dena den, egoera kontuan hartuta salmenta esanguratsuak eduki dituztela nabarmendu beharra dago.
Are gehiago, egungo zerga urtean salmenten zifrak erabat hobetzea aurreikusten dute Sonykoek: krisialdia gainditzen dugun heinean 18 milioi PS5 saltzeko asmoa daukate. Horrela, 2022ko apiriletik 2023ko martxora ia orain arteko salmentak berdintzea espero dute japoniarrek.
Bideojokoen eta softwarearen harira, salmentek ere behera egin dute aurreko urte fiskalarekin alderatuta: 2021eko zerga urtean 303 milioi joko saldu dituzten bitartean, 2020koan 338,8 milioi banatzea lortu zuten PS5 eta PS4 kontsolen artean.
Ez da harritzekoa: esklusibo handi gutxi jaso dituzte PlayStation kontsolek —Horizon Forbidden West eta Gran Turismo 7—, eta hauek ere ez dute nahi beste saldu. Sonyren bideojoko propioak bakarrik nabarmenduta, 43,9 milioi ale saldu dituzte azken urte fiskalean. Ez dira mintzatu PC-rako garatu dituzten port-en salmentei buruz, aipatutakoagatik onak izan behar diren arren.
Zerbitzuen aldetik ere erabiltzaileen jaitsiera nabarmena jazo da. PlayStation Plus zerbitzuko harpidedunak 200.000 erabiltzailetan murriztu direla adierazi du Sonyk. Martxo bukaeran 47,4 milioi harpidedun zituzten. Erabiltzaile aktiboei dagokienez, 106 milioi nabarmentzen dituzte azken hiruhilabetean; 2020ko epe berean 109 eduki zituzten.
Hala eta guztiz ere, udan zerbitzua biziberritzeko asmoa daukate japoniarrek. PS Pluseko eta PS Now-ko ezaugarriak batuta hiru mailatan banatutako eskaintza eratuko dute, PlayStation kontsola guztietako ehundaka bideojoko eskainita.
Iruzkinak