Eztainu jokalariak Eric Barone sortzailearen bideojokoa gure hizkuntzara lokalizatu du. PCan erabil dezakegu itzulpena modu ez ofizialean.

Udako oporraldia hastear da —edo hasi da— askorentzat. Bero askorik gabe oraingoz, baina nagikeriz betetako egunak igarotzeko unea denez, ziur askok bideojokoengana joko duzuela, eta, ziur baino ziurrago, askok eta askok jokorik jokatuenen artean aurkitzen den Stardew Valleyn aritzea hautatuko duzuela. Tira, ba euskaraz joka dezakezue aurtengo udan!

Game Erauntsiaren komunitateko Eztainu bideojokozaleak egindako itzulpenari esker gozatuko dugu Stardew Valley bikainaz gure mintzairan. Modu ez ofizialean erabili beharko dugu lokalizazioa; zoritxarrez, hori dela-eta, euskarazko bertsioa PCra mugatuta dago.

Stardew Valleyk ez du aurkezpenik behar. Eric Barone garatzaileak 2016an argitaratu ondoren, ia plataforma guztietatik igaro da: ordenagailuetatik hasita, kontsola nagusi guztietara iritsi zen, ondoren gailu mugikorretan kaleratzeko. 2024 hasieran 30 milioi salmentak gainditu zituen Baronen bideojokoak bere premisa sinple bezain erakargarriari esker.

 

Baratzean lanean, maitasunean borrokan

Harvest Moon bezalako klasikoen pausoak jarraitzen dituen nekazaritza simulatzailea da: gure aitonak utzitako baserria zein baratzea kudeatu beharko ditugu, besteak beste. Animal Crossing edo The Sims abenturen kutsua ere badauka: ondoko herriko biztanleekin harremantzen ariko gara —maitemintzeko aukerarekin—, eta misio desberdinak gainditu beharko ditugu, baita azoka garrantzitsuetan parte hartu ere.

Estetika koloretsuarekin, girotze lasaiarekin zein jatorrarekin eta erabateko askatasunarekin, joko atseginak bilatzen dituztenentzat aproposa da Stardew Valley. Are gehiago, abentura berezian murgildu nahi baduzu, jokalarien zein prentsaren aldetik sekulako balorazioak jaso dituen lana da Baronerena, jokalari orori zuzendutako maisulana.

Eztainuk euskaratutakoa 1.6 bertsioa da; hau da, martxoaren 19an argitaratutako eguneraketarekin funtzionatzen du. Hiru jaialdi, artisautzarako errezetak zein objektuak, negurako erropak eta Eztainuk itzuli behar izan dituen 100 hizketaldi lerro baino gehiago gehitu dizkio adabakiak bideojokoari. Noski, aurretik zegoen guztia euskaratzeaz gain: tituluak hainbat eta hainbat eduki biltzen zituen dagoeneko, garatzaileak prestatutako eguneraketa erraldoiei esker.

 

Itzulpena

Stardew Valley euskaratuta ikusteko pauso erraz pare bat jarraitu beharko ditugu. Itzulpena Nexus Mods webgune ezagunean argitaratu du Eztainuk. Lokalizazio fitxategiaz gain, mod hau aplikatu ahal izateko beste bi fitxategi jaitsi beharko ditugu: SMAPI eta Content Patcher.

Aipatutako guztiak honela erabili behar dira —ez beldurtu, benetan erabilerraza da—:

  1. SMAPI deskargatu (Nexus Modsen ‘Requirements’ atalean aurki dezakezu), deskonprimatu eta instalatu.
  2. Stardew Valleyren Steam fitxako ezaugarrietan sartu (arratoiaren eskuin klik-a) eta ‘Launch Options’ aukeran hurrengoa idatzi (%command% barne):
    "C:\Program Files (x86)\Steam\steamapps\common\Stardew Valley\StardewModdingAPI.exe" %command%
  3. Content Patcher deskargatu (Nexus Modsen ‘Requirements’ atalean aurki dezakezu), deskonprimatu eta jokoaren karpetan dagoen Mod karpetan kopiatu. Adibidea: C:\Program Files (x86)\Steam\steamapps\common\Stardew Valley\Mods
  4. Stardew Valley Euskaraz deskargatu, deskonprimatu eta jokoaren karpetan dagoen Mod karpetan kopiatu
  5. Jokoa abiarazi, eta eskuinaldean dagoen bunbuilo marrazkidun botoia sakatu hizkuntzen menura jotzeko. Euskara aukeratu.

 

Eztainu, jo eta su

Stardew Valley azken urteotako bideojokorik sarituenetakoa izanik, benetan eskertzekoa da Eztainuk egindako itzulpena. Hala ere, aurretik bideojoko esanguratsuak euskaratzeari ekin dio zaleak.

Berea da, adibidez, Outer Wilds maisulanaren euskarazko bertsioa. Horrez gain, Aragami 2 ofizialki joka dezakegu gure hizkuntzan berari esker.

Hauek eta askoz joko gehiago —159, zehazki!— Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki ditzakezue.