Ordu erdian PlayStation Studios-ek aurten argitaratuko dituen tituluak zein PS5eko eta PS VR2ko jokoen eguneraketak aurkeztuko dituzte.
PlayStationek State of Play aurkezpena iragarri du. PlayStation Blog webgunean hitzordua biharko jarri badute ere, 23:59ean hasten denez, etzi ikusiko dugula esatea aproposagoa da.
Ohi bezala, PlayStationen YouTube, Twitch eta TikTok plataformen bidez jarraitzeko aukera egongo da. Iraupena ere zehaztu dute: ordu erdi baino gehiago iraungo du zuzenekoak.
Zer erakutsiko dute bertan? “PlayStation 5eko zein PS VR2ko jokoen azken berriak” aipatzen dituzte; gainera, “PlayStation Studiosko talde desberdinek aurten kaleratuko dituzten bideojokoak” ere agertuko direla diote.
Kopurua ere adierazi dute: guztira hamalau bideojoko ikusiko ditugu aurkezpenean.
Hainbat titulu ditu esku artean Sony-k, baina zerbitzu jokoak dira gehienak: Marathon, Fairgame$ edo Concord aurkeztu zituen iazko PlayStation Showcase aurkezpenean. Hori bai, inbertitzaileei zuzendutako txostenean aurtengo urte fiskalean IP nagusietako bideojoko berririk gabe geratuko garela aipatzen zela gogoratu beharra dago.
Bihar gauerdira arte itxaron beharko dugu, hortaz, prestatzen dabiltzana ezagutzeko. Esan bezala, maiatzaren 30eko 23:59an hasiko da State of Play.
Iruzkinak