Zuzeneko bikoitza eskainiko da: bigarrena Japoniako eta Asiako sortzaileen lana ezagutzeko prestatu dute.
PlayStationek State of Play emanaldi berriak iragarri ditu. Etzi arratsaldean bi zuzeneko eskainiko ditu Sony-k.
YouTube eta Twitch kateetan 15:00etan abiatuko den State of Play arruntarekin hasiko dira. Ez dute iraupenik zehaztu, baina PlayStation Studios-en eta hirugarrenen estudioen bideojokoen “gaurkotzeak eta iragarpenak” bilduko dituztela azpimarratu dute prentsa ohar ofizialean. Titulu bakarra aipatzen da: Final Fantasy VII Revelation, berregiteen trilogiaren azken atala.
Egunotan, baina, State of Play hau datorrela aipatzen zuten zurrumurruak entzuten ibili gara. Bideojoko bat ere entzun izan da esamesen artean: Naughty Dog prestatzen ari den Intergalactic: The Heretic Prophet igaroko omen da zuzenekotik. Bada garaia, 2024tik ezer ikusi gabe gabiltza-eta.
Horrekin batera, God of War Laufey azaltzea espero da: udan iragarritako akzio bideojokoa otsailaren 16an estreinatuko da PlayStation 5 kontsolan. Hurbilago geratzen den Marvel’s Wolverine (irailak 15) ere igaroko da, ziurrenik, emanalditik.
Lehen zuzenekoa bukatu bezain laster, bigarrenarekin hasiko dira: State of Play Japan izenekoarekin. Izenak adierazten duen bezalaxe, Japoniara begira jarriko dira, bertako garatzaileen eta sortzaileen bideojokoak aditzera emateko aprobetxatuz. Gainera, Asiako beste estudio batzuen lanak ere ikusi ahalko dira. Yuki Kaji aktore japoniarra arduratuko da aurkezteaz.
Lander Unzueta
Iruzkinak