Pixelnest Studio-k 2015ean argitaratu zuen shoot ‘em up roguelike jokoa. Game Erauntsia Elkarteak ofizialki lokalizatuta dago.

Steredenn: Binary Starsek bertsio fisikoa edukiko duela jakinarazi du Pixelnest Studio frantsesak. PlayStation 5 kontsolarako argitaratuko du esklusiboki Red Art Games argitaletxearekin elkarlanean; ez hori bakarrik, bertsio fisikoaren hizkuntzen artean euskara aurkituko dugu.

Bi bertsio fisiko berezi jasoko ditu 2015. urtean estreinatutako tituluak. Alde batetik, oinarrizko bertsioak jokoa diskoan eskainiko digu; bestetik, Deluxe Edition-ak kaxa berezia, posterra, eta, are garrantzitsuago, soinu banda fisikoa elkartzen ditu, baina .

Game Erauntsia Elkarteak Louis Schnellbach elkarkideari esker abiatutako lanaren emaitza da. Steredennen arduradun Damien Mayance-kin bideojokoa ofizialki euskaratzeko prozesua hasi genuen, balorazio apartak eskuratu dituen joko desberdina gure hizkuntzara itzulita.

R-Type edo Gradius —honen Gradius Origins bilduma jasoko dugu abuztuan— bezalako shoot ‘em up lanak dira Steredennen inspirazio iturria; hots, 2D korritze horizontalean dozenaka arerioren aurka egingo dugu gure espazio ontziaren aginteak hartuta.

Berezitasun batekin dator, baina: arkade mekanikekin batera roguelike elementuak nahasten dituenez, partidak hasieratik hasi arren desblokeatzeko eduki mordoa ikusiko ditugu. Sekretuok lortzea ez da erraza izango, duelu bizkorrak eta gogorrak proposatzen baititu Steredennek; zorionez, armategi zabala edukiko dugu eskura, eta hau hobetzeko indartzaileak hartuko ditugu partidetan zehar.

Analisi sakona eskaini genion Game Erauntsian 2022an. Hauxe esan genuen testuan:

Shoot ‘em up generoko joko nagusien oinarriak hartu eta zerbait berria egiten saiatzen da Steredenn. Ez du guztiz lortzen, baina hala ere joko txiki bezain gogoangarria izatea lortzen du. Bideojokozale trebeenei zuzendutako joko honek akzio ikusgarria eskaintzen du, ez dago besterik.

Bertsio fisikoak erreserba daitezke dagoeneko, baina Red Artekoek ez dute argitalpen egunik zehaztu: “laster” helduko omen dira PlayStation 5erako. Gainerako plataformei dagokienez, Steredenn: Binary Stars digitalki eskura dezakegu PC, Switch eta iOS plataformetarako. Bertsio hauek ere, nola ez, euskaratuta joka daitezke.