Game Erauntsia Elkarteak Grimorio of Games taldearen lana lokalizatu du. Kafea edaten ibili beharko gara mailak gainditzeko.

Urtea bukatzeko euskaratutako azken bideojokoekin jarraitzen dugu. Gaurkoan Super Hyperactive Ninja dakargu: akzioz betetako plataforma joko honetan saltoka eta kolpeka ariko gara ninja boteretsuen kontrola hartuta.

Grimorio of Games estudioak ordenagailuetan nahiz kontsoletan kaleratutako abentura Game Erauntsia Elkarteak lokalizatu du; hala ere, PCko bertsioan soilik joka dezakegu euskaraz. Ez da estudioaren lehen euskaratutako jokoa: aurretik Sword of the Necromancer bikaina itzuli dugu.

Zoritxarrez, Super Hyperactive Ninjaren euskaratzea ez da ofiziala: nahiz eta garatzaileen laguntzarekin itzuli, ezin izan dute jokoan inplementatu, eta mod bidez aktibatu beharko dugu.

Lehen bertsioa amaituta, RekiSab eduki sortzailearen laguntza jaso genuen probak egiteko eta azken akatsak aurkitzeko. Horiek identifikatuta, behin betiko bertsioa eratu dugu.

Instalatzailea sortzeko euskal bideojokozaleen komunitateko beste kide baten laguntza eduki dugu: Ibai Oihangurenena. Berarekin batera eraldaketa modu errazean instalatzeko erreminta prestatu dugu. Hemen aurkituko duzue instalatzailea.

Kohinomura herrixkako kafe legendarioa lapurtu du shogun maltzurrak, eta hori berreskuratzea izango da gure helburu nagusia. Zorionez edo zoritxarrez, gure ninjak kafezale amorratuak dira, eta edari hau beharko dute euren abileziak behar bezala erabiltzeko, edo, zuzenean, bizirauteko.

Hori horrela, ziztu bizian gainditzeko pentsatuta dauden mailak eta erronkak ikusiko ditugu jokoan. Kafeinaren botereari esker modu hiperaktiboan sar gaitezke: azkarrago aritzea ahalbidetuko digu, baina ezingo dugu gure pausoen norabidea aldatu, eta kafea are azkarrago bukatuko zaigu. Speedrunner-ek erabiltzeko tresna egokia, alegia!

50 maila, pertsonaia desberdinak, bide sekretuak eta askoz gehiago eskaintzen ditu Super Hyperactive Ninjak. Bi jokalarirentzako modua ere badauka: plataforma borroka jokoan bilakatzen da, oinarrizko mekanikak mantenduz.

Arestian aipatu modura, Super Hyperactive Ninja PCan aurkituko dugu. Euskaratzea erabiltzea benetan erraza da: instalatzailea jaitsi hemendik eta jarraitu bertan azaltzen diren pausoak!

 

Euskarazko jokoen urterik handiena

2023a bukatzear dagoela, euskaratzeentzat urterik esanguratsuena izan dela ospatu beharra dago. Super Hyperactive Ninja zerrenda luzearen azken adibidea baino ez da: aurten 38 bideojoko ikusi ditugu gure mintzairan. Batzuk zaleek euskaratuta, besteak euskal garatzaileek ofizialki euskaraz kaleratutakoak.

A Short Hike, Tunic, Super Mario World, Euskal Game Jam-eko jokoak, Frontball Planet, Anodyne, Pummel Party, Syzygy… joko ikaragarriak jaso ditugu aurten. Komunitarearen eta sortzaileen lanari esker izan da; hortaz, eskerrik asko euskarazko bideojokoak sustatzen lagundu duzuen guztioi!