Grimorio of Games taldeak SotN: Resurrection iragarri du PCrako zein kontsoletarako. Aurten estreinatuko du.
Sword of the Necromancer akziozko RPG abenturak bertsio eraberritua jasoko du. Grimorio of Games estudio katalanak 2021ean argitaratutako 2D titulua guztiz berregingo du 3D remake-a sortzeko, eta euskaraz jokatu ahalko da.
Sword of the Necromancer: Resurrection izenarekin estreinatuko da PCan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch kontsoletan. Bartzelonako taldeak dioenez, “jatorrizko dungeon crawler jokoaren berrirudikapena da”.
Originalaren elementuak eta mekanikak mantenduko ditu: prozeduralki sortutako ziegak esploratzen ibiliko gara Tama heroiarekin, garaitutako etsaien arimak nekromantearen ezpata erabiliz bereganatuta hauen laguntza lortzeko.
Roguelike ezaugarriak ikusiko ditugu, gainera: hiltzerakoan ziegaren sarreran agertuko gara, egindako aurrerapenetako batzuk mantenduta.
Aldaketa nagusia, esan bezala, atal teknikoaren aldetik etorriko da. Katalanak garatzen dabiltzan Sword of the Necromancer: Revenant jarraipenerako prestatutako motor grafikoa erabiliko du lehen jokoaren berregiteak.
Hori horrela, ziega zaharberrituak nahiz borroka sistema erabat berria ikusiko ditugu Resurrectionen. Konboak hobetzeko lanean dabiltza garatzaileak, baita adiskide bihurtutako arerioen adimen artifiziala txukuntzen.
Kooperatiboa ere itzuliko da, gainera: protagonistaren kopia sortuta bi lagun elkarrekin ariko dira arriskuak gainditzen.
Berritasunekin bukatzeko, istorioa hedatuko eta hobetuko dutela nabarmendu dute egileek. Tama eta Koko protagonisten arteko harremanean sakontzeko eszena berriak prestatuko dituzte berregiterako, ingelesezko zein japonierazko bikoizketarekin.
Esan bezala, originalarekin gertatu modura, gure hizkuntzan jokatzeko aukera edukiko dugu. Game Erauntsia Elkartea arduratu zen SotN-en itzulpenaz: egileekin abiatutako elkarlanari esker ofizialki joka dezakegu euskaraz jatorrizko obran, eta, etorkizunean, remakean. Katalanez eta galizieraz ere merkaturatuko dute, gainera.
Sword of the Necromancer: Resurrection 2024an argitaratzea aurreikusten du Grimorio of Gamesek.
Iruzkinak