Narona Sports Supernatural izenez ezagutzen genuen Cokoon Games Lab iruindarraren titulua.
Euskal bideojoko berria jasoko dugu azaroaren 14an: Cokoon Games Lab nafarraren Voodoo Strikers kirol eta festa jokoa Switchera eta PCra ailegatuko da. Gure hizkuntzan etorriko da, gainera: euskaraz jokatu ahalko dugu bi plataformetan
Aspalditik Narona Sports Supernatural izenarekin ezagutzen genuen; are gehiago, 2022an Nintendo-ren kontsola hibridoan kaleratutako Narona Sports originalaren behin betiko bertsioa dugu Voodoo Strikers.
Zazpi kiroletan jokatuko dugu VSen: Futbolean, saskibaloian, boleibolean, ulaman, eskupilotan —jatorrizko Narona Sportsen ikusitako bost kirolak—, tenisean eta futbol amerikarrean ariko gara. Atal estetiko koloretsuarekin, halakoak izango dira proposatzen zaizkigun partidak: bi dimentsioko planoan biziko dugun jokagarritasun sinplearekin, familia guztiarentzako joko dibertigarria izatea bilatzen dute iruindarrek.
Bost neska eta bost mutil dira Voodooren protagonistak. Bakoitzak berezko abileziak dituenez, gure jokatzeko erara moldatzeko aproposena hautatu beharko dugu: abiadura, salto eta indar desberdinak dituzte pertsonaiek. Ez dugu kontrol konplexurik ikusiko: baloia kolpatzearekin nahikoa da, baina, jokoari gatza eta piperra emateko asmoarekin, lasterka egiteko edo sekulako tiroak jaurtitzeko ahalmenak ere edukiko ditugu.
Nola ez, tokiko multijokalaria benetan erakargarria izango da etxekoen arteko lehia bizi horiek bizitzeko: lau lagun elkarren aurka zein talde berean ibil daitezke VSren norgehiagoketan.
Narona Sports originalarekin gertatu modura, Voodoo Strikers ofizialki euskaratuta iritsiko da Nintendo eShop nahiz Steam saltokietara; hori horrela, jokoaren menu nagusiko hizkuntzen atalean hauta dezakegu gurea.
Azaroaren 14an hasiko dira Voodoo Strikersen partiduak. Zain gauden bitartean demoa proba dezakegu: Steam plataformaren bidez deskarga dezakegu.
Iruzkinak