Plantillaren % 8 suposatuko du: langileek oraindik ez dakite zehazki nor kaleratuko duten.

Bideojokogintzan lan egiten duten 1.900 langile kaleratuko dituela jakinarazi du Microsoftek; zehazki, Xbox, Zenimax —Bethesda-ren talde nagusia— eta Activision Blizzard taldeetako sortzaileak izango dira.

Zifrokin plantilla osoaren % 8 iraitziko dutela adierazten da. Harrigarriena Activision Blizzardeko taldeei eragitea izan da, zalantzarik gabe; izan ere, 2023ko urrian azkenik lortu zuten erosketa burutzea.

Dena den, iaz ere hainbat kaleratze egon ziren Microsoften: Bethesda, 343 Industries edo The Coalition taldeetako 10.000 langile kanporatu zituzten.

Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak langileei bidalitako mezuaren bitartez ezagutu da albistea The Verge agerkarian. “2024an aurrera egiten dugun heinean, Microsoft Gaming-en zein Activision Blizzarden lidergoa estrategia bakarrean eta kostu jasangarrien egitura daukan exekuzio planean lerrokatzearekin konprometitzen da”, adierazten du gutunean, “lehentasunak definitu eta gainjartzen diren eremuak identifikatu” dituztela azpimarratuz.

Hori eginda, “gaming arloko plantillaren tamaina murriztearen erabaki gogorra hartu dugu”, dio Spencerrek, “gure taldea osatzen duten 22.000 pertsonetatik 1.900 postu eraginez”.

Kaleratzeen artean kargu handiren bat edo beste egongo da, gainera. Mike Ybarra Blizzardeko presidenteak Microsoftetik alde egingo duela iragarri du, baita Allen Adhman Blizzardeko diseinu zuzendariak ere.

Okerrena, baina, ziurgabetasuna da. Jason Schreier kazetariak jakitera eman duenez, Activision Blizzardeko langileek kaleratuak izango ote diren galdetu diote; hori horrela, Xboxekoek ez dute jo kanporatuko dituzten langileengana zuzenean, mezu orokorra baino ez dute zabaldu enpresetan.

Plantilla murriztuta, Blizzard prestatzen zebilen bideojokoetako baten garapena eten egin dela baieztatu dute Microsoftekoek: 2017an garatzen hasitako eta 2022 hasieran iragarritako Odyssey izeneko biziraupen abentura ikusi gabe geratuko gara.

VideoGamesLayoffs webgunean ikus daitekeenez, 2024ko lehen asteetan 5.600 kaleratze eman dira bideojokoen industrian: egunotan Riot Games, Thunderful, Unity edo Twitch enpresetako kaleratzeak argitaratu ditugu.. Iazko zifrak altuak izan baziren ere —10.500 langile inguru iraitzi zituzten enpresa desberdinek—, aurtengo hasiera okerragoa izan dela esan dezake industriak.

 

Xbox, digitalera

Kaleratzeen albistearekin batera Xboxen jokoen etorkizunari buruzko informazioa ere jaso dugu. Jez Corden kazetariak aipatu duenez, Microsoftek Xboxen jokoak fisikoki kaleratzeaz arduratzen den esparrua itxi du; hori horrela, euskarri fisikoari agur esango diotela dirudi.

Albistea ez da harritzekoa Xboxen azken albisteak jarraitu dituztenentzat. Activision Blizzard bereganatzerakoan Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak (FTC) egindako salaketak argitzeko epaian hainbat barne dokumentu eta txosten argitaratu ziren: horien artean Xbox Series kontsolaren modelo berriak agertzen ziren.

Gailu berrion berezitasunik esanguratsuenetakoa disko irakurgailuei uko egingo diotela da: Xbox Series X zein S berriek bideojoko digitalekin soilik funtzionatuko lukete. Hortaz, Xboxek merkatuari buelta bat emango diola aurreikus dezakegu.