Xbox Game Pass arruntaren modeloa aldatuko dute: lehen eguneko bideojokoak Ultimate harpidetzan baino ez dituzte eskainiko kontsolan.
Xboxek Game Pass zerbitzuan aldaketa handiak iragarri ditu. Harpidetzen prezioa areagotuko du irailaren 12an, webgune ofizialean adierazi duenez. Erabiltzaile berrientzat, baina, aldaketa abian da dagoeneko.
Horrela, kontsolako, PCko zein hodeiko zerbitzuak eskaintzen dituen Xbox Game Pass Ultimate harpidetzaren hileroko prezioa 14,99 eurotik 17,99 eurotara igo da; bestalde, urteko harpidetzaren eskaintza 59,99 eurotik 69,99 eurotara aldatu dute.
Ordenagailurako eskaintzen duten PC Game Pass zerbitzuaren 9,99 euroko balioa ere igo da: irailetik aurrera 11,99 euro ordaindu behar dituzte PCko jokalariek hilero.
Bukatzeko, aldaketarik esanguratsuena Xbox Game Pass arruntak jasango du. Xbox Game Pass Standard izeneko zerbitzu berria abian jarriko dute hilabeteko eskaintza 14,99 dolarrekoa da —ez dugu aurkitu prezioa eurotan adierazita—, eta egungo kontsolako Game Passaren ohiko ezaugarri guztiak bilduko ditu.
Zoritxarrez, gabezia handi batekin etorriko da: lehen eguneko estreinaldiak Standardetik kanpo geratuko dira. Hau da, Xboxen bideojoko handiez lehen egunetik Game Pass zerbitzuan gozatu nahi badugu, Ultimate harpidetzara jo beharko dugu.
Xbox Game Pass arrunta, beraz, desagertu egingo da, baina erabiltzaile berrientzat bakarrik; alegia, harpidetza aktibatuta daukatenek orain arteko zerbitzua mantentzeko aukera dute.
Xbox Game Pass Core oinarrizko harpidetza ere aipatu behar da: hilabeteko prezioa mantendu dute, baina urtekoa 59,99 eurotik 69,99 eurotara igo da. Online zerbitzuak eskaintzen zituen Xbox Live Gold harpidetza ordezkatu zuen iaz, eta, horrez gain, 25 bideojoko baino gehiagoren katalogo mugatua biltzen du.
Katalagoa ere gora, baina ez harpidedunak
Microsoftekoen bideojokoen harpidetzaren prezio aldaketa aspalditik espero zen. Azken urteetan egindako erosketa handiekin —Bethesda eta Activision Blizzard erraldoiak bereganatu dituzte, besteak beste— zerbitzuaren katalogoa nabarmen indartu dute Call of Duty: Black Ops 6 edo Indiana Jones and the Great Circle desiratuak lehen egunetik eskainiko dituztela aginduz. Hori horrela, prezio igoera justifikatzeko bide aproposa aurkitu dute.
Hala ere, harpidedun kopuruarekin dituzten arazoak ere esanguratsuak omen dira. Microsoftek ez du datu zehatzik eskaini azken urteetan, baina argi dago erabiltzaileen aurreikuspenak bete gabe geratu direla.
Esan bezala, aipatutako prezio aldaketak gaurtik aurrera aplikatuko dituzte erabiltzaile berrientzat. Dagoeneko harpidetza aktiboa daukatenek, berriz, irailaren 12tik aurrera ikusiko dute prezio igoera. Herrialdekako eguneratutako prezioak hemen aurki daitezke.
Iruzkinak