Microsoft-ek bere bideojokoen ekitaldien ordutegiak baieztatu ditu: Xbox Games Studios-en zein beste hainbaten iragarpenak eskainiko dituzte.
Urtero bezala, Xbox Games Showcase aurkezpena jarraitzeko aukera edukiko dute bideojokozaleek udan. Zehazki, ekainaren 11n egingo dute ekimena Microsoftekoek. Ohiko zuzenekoarekin batera, baina, Starfield Direct aurkezpena eskainiko dute egun berean.
Orain aste batzuk ezagutu genituen bi ekitaldiak; hala ere, arduradunek modu lotsatian jakitera eman zituen. Zorionez, orain bai, informazio guztia zehaztu dute: 19:00etan hasiko dituzte iragarpenak. Beti bezala, Twitch, YouTube nahiz Facebook orrialdeetatik jarraitu ahalko dira aurkezpenok.
“Batu zaitezte ezusteko berrientzat zein barne estudioen nahiz nazioarteko kide sortzaileen talentuaren lehen aurrerapenak ezagutzeko“, aurreratzen dute Xboxekoek kaleratutako prentsa oharrean. “Hau da bideojokalariek Xbox, PC eta Game Pass plataformetara iristear dagoena ikusteko espero zuten eguna”.
Hortaz, aurreko urteetan gozatutako antzeko zuzenekoa izango dela suposatzekoa da. Iaz, esate baterako, Hollow Knight, Forza, Diablo 4 eta askoz gehiago bildu zituzten: aurten hauexek eta bestelakoak agertuko dira, zalantzarik gabe.
Hori bai, oraingoan Starfield desiratuari bere txokoa eskaini nahi izan diote: Bethesda Game Studios-eko taldeak espazioko Elder Scrolls edo Fallout itxurosoaren azken xehetasunak emango ditu Starfield Directean. Mundu irekiko RPG abentura irailaren 6an kaleratuko da, beraz jokoari buruz sakon eta luze hitz egitea espero da.
Bi aurkezpenen iraupenak zehaztea falta zaie Xboxekoei; ez dute horri buruzko daturik eskaini, baina guztira ordu t’erdi edo bi ordu inguru ariko dira, ziurrenik. Ekainaren 11 hurbiltzear dagoela ezagutaraziko dute azken informazioa.
Iruzkinak